GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA I Surflari Ernegatua

Bat, bi,...

Gainera datorkit. Serieko lehen olatuan arraun egin ez banu itsaso zabalera jo eta parean dudan olatutzar hau ekidingo nuke. Jada berandu da. Hartu sakon arnasa eta behera.

Hi lasai, garrantzitsuena indarra gordetzea duk. Bat. Utzi eramaten, ez egin kontra, ez hadi urduri jarri, ez pentsatu, itxaron zurrunbiloak indar apur bat galdu arte, bestela alfer-alferrik ari haiz borrokan, ez duk nornahi, itsasoarekin ari haiz.

Bi. Lehen itzulipurdia, uste diat, albo batera geratu naizela, kontuan hartu beharko diat gorantz egiteko orduan. Ups! Bigarren itzulipurdia, orain bai, galdua nagok, non ote hondoa, eta non gainazala? Hiru. Edozer dela ere, hi lasai, badakik segundo gutxi batzuk baino ez direla. Lau. Tira, gora egiteko ordua ere bada, hala? Bai, bizkar aldean sentitzen dut, gibelean dut itsas azala. Airea.

Bota eta hartu sakon arnasa. Bigarren honek txikitu behar nau. Hi lasai! Laaaaasai! Batzuetan itxuraz egur gehien eman behar diguten olatuek bat-batean askatzen gaituzte. Animo! Bat. Oooooosssstiiiaaa! Oraingo honetan hondoa jo behar diat! Zer izan duk izterrean sentitu dudan kolpea? Taula? Arrokaren bat? Haitza baduk gaitz erdi, turbulentziak baretzean oinarekin indar eginda atera ahal izango diat. Taula baduk ordea, gehiegitxo hondoratzen ari naizen seinale.

Bi. Hi lasai! Edozer dela ere, hi lasai! Hiru. Eutsi goiari. Lau. Ongi ari haiz, laster baretuko duk. Bost. birikak lehertu beharrean zauzkaat. Nola demontre egiten ditek MacNamara, Panda edota Axi Muniainek halakoetan templea mantentzeko? Sei. Su hartu behar ditek birikek, eta honek ez zeukak baretuko den itxurarik. Zazpi. Zazpi alajaina! Non ostia nago? nola? Argia? Bai, aterako haiz. Zortzi. Ez hadi fida, ez bota arnasarik kanpoan egon arte.

Orain bai, bota lasai! Hartu sakon arnasa. Begira begi gatzatuetan barna, hirugarrena libratuko al duk? aurrekoa baino hobea izango al da?

Eta beste olatu bat! Kontagailuaren tik-tak kirrinkarian. Beste bat, eta beste bat... urteak bezala, denboraren bidaia amaigabean. Datorren hau, hobea izango al da?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo