GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

2013, KONPONBIDE URTEA: IRITZIA

2012ko kontzeptua: hegemonia

Autorea ez da gehiengo politiko edo instituzionalaz ari, proiektu bat, balioak eta helburuak natural bilakatzeaz baizik.

Andoni OLARIAGA I Filosofian lizentziaduna

Indarrez sartu da 2012. urtean gure borroka ideologikoaren erdigunera beste guztien gainetik nabarmendu den kontzeptua, eta geratzeko asmoarekin etorri dela dirudi. «Hegemonia»-z ari naiz. Kontzeptu hau aurten gaizki formulatua ikusi dugu gehiegitan, gehiengo politiko edo instituzionalarekin parekatu baita. Aldiz, Zizekek dioen bezala, borroka hegemonikoa espontaneoki apolitikotzat hartzen diren kontzeptuak bereganatzeko guda politiko ideologikoa da.

Zer da operazio hegemoniko bat? Operazio hegemonikoak (espainiar inperioarenak, demagun) berezko esanahirik ez duten ideia unibertsal hutsei (justizia eta bakea, esaterako) esanahi partikular bat itsasten die (zuzenbide estatuaren garaipena) eta ideiaren (justizia/bakea) esanahi posibleak bi eremutan zatitzen ditu: esanahi batzuk politikotzat jotzen ditu (autodeterminazio eskubidea, presoak etxera!, adibidez), eta bere ideia partikularra (ETAren porrot militarra, demokrazia española) prepolitikotzat, naturaltzat finkatzen ditu, partikular hori unibertsala betetzera eta koloreztatzera pasatzen baita. Hori gertatu bezain laster esanahi partikular hori «desagertzen» da, eta justizia hitzak esanahi partikular hori aditzera ematen du naturalki.

Bi adibide zehatz jarriko ditut aurrekoa azaltzeko. Jon Sudupek duela egun batzuk «Berria»-n «Mario Onaindiaren nazioa» artikulua idatzi zuen. Bertan, Mario Onaindiak bizitzan egindako «ibilbide demokratikoa» erakusten zuen; Savater, Mikel Azurmendi eta beste abar «demokraten» ibilbide berbera. Erreparatu adjektiboen (euskaldun, espainol) absentziei: gaztetan, Mario nazionalista erromantikoa izan zela dio Sudupek. Ondoren, koskortu eta formaldu zenean, EEtik PSEra pasa eta abertzaletasuna eta espainiartasuna bateratu nahian posnazionalista (!) bilakatu omen zen. Azkenean, zibikoa eta XVIII. mendeko errepublikano ilustratu bihurtu zen. Zein da hemen operazio hegemonikoa? Ezkutuan dauden adjektiboei erreparatu behar diegu. Sudupek nazionalista erromantikoa eta nazioa erabiltzen dituenean, kontzeptu horien partikularra «euskalduna» da, partikularra ezkutatuta dagoen arren. Berdin-berdin, zibiko postnazionalista, konstituzionalista eta ilustratu kontzeptu «ez-politikoei», abstraktu gisa aurkezten baditu ere, «Espainia» partikularra itsasten die. Ondorioa: espainola izatea naturala da, hiritarra izatea da, ilustratua: euskalduna izatea edo izan nahi izatea kontu identitarioa, nazionalista, erromantikoa, politikoa.

Beste adibide bat: nork irabazi ditu EAEko hauteskundeak? «El Correo Español»: «Las fuerzas nacionalistas son mayoría en el nuevo Parlamento vasco.» «La Vanguardia»: «Los nacionalistas vascos obtienen 27 escaños, los abertzales, 21, y los socialistas (...) se hunden con 16.» Alegia, fuerzas nacionalistas euskaldunak dira; bitartean, espainiar alderdiak sozialistak eta popularrak dira, adjektibo gabe. Operazio hegemonikoak, identitate naturalak, batetik, eta politikoak, bestetik, eraikitzen ditu. Hegemonia operazioetan partikular bat fundamentu izatera pasatzeko desagertu behar bada, fundamentuak azaleratzen diren momentuan hegemonia galtzen ari diren zantzua izaten da (horrela azaltzen da, esaterako, espainiar identitatea kolokan dagoenean «España»-ren marka, sinbolo eta banderak gero eta gehiago eta oldarkorrago azaleratzea).

Zein da espainiar intelligentsiaren operazio hegemonikoaren funtsa? Apolitikotzat hartzen diren kontzeptuak (justizia, bakea, demokrazia...) bere partikularrarekin (espainola...) betetzen ditu, eta bitartean, politikoki sentitzen diren kontzeptuak (nazionalista, erradikala, etnikoa, erromantikoa, identitarioa, biolentoa, eta abar) arerioaren partikularrak (euskaldun, independentista...) eransten dizkio.

Zein da, hortaz, atera daitekeen ondorioa borroka ideologikorako? Imanol Galfarsorok aspalditik dioskuna: euskalduna «desagertu» behar dela. Hori bai, desagertu, kontzeptu unibertsalen pean (demokratiko, hiritar, unibertsal...). Proiektu politiko batek hegemonia lortu dezan, eta horrela gizarteak naturaltzat har dezan, hauteskundeen garaipenetatik harago, bere proiektua, balioak, helburuak, natural bilakatu behar ditu, bere partikularrekin ideia eta kontzeptu unibertsalak koloreztatuz: hegemonia demokratikoa burutzeko. 2013. urtea arlo honetan aurretik egindako lana kapitalizatu, akatsak zuzendu eta borroka hau garaitzen joateko momentu ona izango da.

Bitartean, urte berri on sozialista eta demokrata guztiei! (batez ere, kartzeletan eta erbestean dauden horiei!).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo