GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkartasun eta gol festa, Herrirak antolatutako futbol partidu berezian

Milatik gora pertsona batu ziren atzo Lekeitioko Larrotegi futbol zelaian Herrira mugimenduak antolatutako futbol partidua ikusteko. Athleticeko eta Realeko jokalari ohiak izan ziren berdegunean, herritarren aurka.

p039_f02.jpg

GARA |

Harmailak leporaino, giro ona, eguraldi epela eta elkartasun mezua lau haizeetara hegaka. Dena ondo irten zen atzo Herrirak Lekeition antolatutako futbol partidu berezian. Berezia, ez zelako ohiko partiduak bezalakoa. Atzokoan, gurean ezagunak egiten zaizkigun aurpegi ugari batu ziren ekimen solidarioan. Athleticeko eta Realeko jokalari ohiak, alegia.

Mitxel Loinaz, Luciano Iturrino, Mikel Orbegozo, Santi Bakero, Jokin Uria, Igor Arenaza edo Athleticen nesken taldeko Eba Ferreira eta Karmelek eskegita zeuzkaten botak berriro jantzi eta aspaldiko sentsazioak berreskuratu zituzten. Denborak ez du inor barkatzen, baina itxura onean agertu ziren protagonistak, oraindik futbola soberan daukatela argi utziz: hiru eta bi nagusitu ziren, herritarrez osatutako taldearen aurrean.

Aulkian, taldeak maisutasunez zuzentzen, beste bi lagun ezagun. Alde batetik, Endika Guarrotxena, Athleticeko aurrelari ohia, 1984ko Errege Kopako finalean txapelketa lehoiei eman zion gola egin zuena; eta beste aldean, Iker Sarriegi, Eibarren eta Realean ibilia 90eko hamarkadetan. Belaunean izandako lesioak ez zion utzi Sarriegiri partiduan parte hartzen.

Giro aparta

Larrotegi zelaiko harmailetan ere zenbait izen deigarri egon ziren. Mikel Aranburu eta Ion Ansotegi jokalariak, Amets Arzallus bertsolaria edota Maribi Ugarteburu, EH Bilduko legebiltzarkidea. Eguraldia lagun, ederki asko gozatu zuten denek ikuskizunaz.

Baina igande goizeko protagonista garbia publikoa izan zen. Familiak umetxoekin, nagusiak, gazte kuadrillak logura aurpegiarekin... Denak hurbildu ziren futbol zelaira, animatzeko, eta nola ez, errebindikazioa eta elkartasuna nahinora zabaltzeko. Presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzen zuten ehunka zapi ikusi ahal izan ziren. Eztarriak ere ederki berotu zituzten gerturatutakoek. «Euskal presoak, etxera» edo «Presoak, kalera, amnistia osoa» partidu osoan entzun ziren etengabe.

Athleticeko eta Realeko kamisetak ere zozketatu ziren publikoaren artean, eta partidako protagonista guztiek argazki kolektiboa atera zuten, urtarrilaren 12ko manifestazioari babesa emateko. Argi geratu zen atzo elkartasuna adierazteko badaudela ehunka bide, eta guztiak direla baliagarriak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo