GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Xabier Izaga | Kazetaria

Ez dok hamairu

Badakit ez dela batere originala bukatzear dagoen urteaz eta hastear dagoenaz gaur mintzatzea, azken batean gaur, gutxi-asko, bihar argituko duen bezala argitu du eguna. Tira, 2012ko gertakari guztiak lerro hauetara ekartzea ezinezkoa denez, pare bat baino ez dut hizpide izango, baita iradoki dizkidaten kantuak ere. Esate baterako, Kataluniako zirimola independentista. Jakina da «ez-nazionalista» espainiarrek katalanen eskaera jendetsuari «Masen desafioa», Artur Masena, alegia, esaten diotela -eta hauteskundeetan indartu den independentziaren aldeko joerari, «Masen porrota»-; bada, Gobernu espainolak «Kataluniako lurralde aske» izendapena duten udalerrien aurka egingo duela entzun nuenean, Formula V taldearen abesti bat etorri zitzaidan gogora: «En la fiesta de Mas/ todo el mundo salía con unas cuantas multas de más». Hezkuntza ministro espainolak bere erreformaren berri jakinarazi zuenean, berriz, Raimon valentziarraren harako «Tots els colors del Wert/ vivaspaña diuen fort...».

Euskal Herrira etorrita, azken hauteskundeen ostean Antonio Basagoitiri entzunda, «Basagoititxu moko luzia...» gogoratu zitzaidan. Eta maiz, haren xelebrekeriak entzutean, «Ixil-ixilik dago...». Badakit ezinezko nahi baten adierazgarri dela, horregatik segituan «zergatik negar egin?» hasten naiz kantuan.

Datorren urteari begira, nire nahirik zintzoena agertu nahi nuke, kartzeletan eta erbestean daudenak gogoan. Kontu horri dagokionez, hori bakarrik ez da aski, ordea, eta horrekin batera neure konpromisoa -lagun askorena dena eta beste askorena izan behar duena- ere agertu nahi dut, bihartik besarkadara arte. Eta gogoratu, ez da U2, U12 baizik. Ez dok hamairu, hamabi baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo