GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

2013, KONPONBIDE URTEA: KULTURA

2013ko protagonistak. Kontuan hartu beharreko izenak

 

p030_f04.jpg

MAIALEN LUJANBIO I BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA, UDAZKENEAN

Lau urtean behin ospatzen da Bertsolari Txapelketa Nagusia eta 2013ko udazkenean izango da hurrengoa. Azkenengoa 2009an izan zen eta jendetza bildu zen Barakaldoko BECen jokatutako finalean. Andoni Egaña, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Jon Maia, Aitor Sarriegi eta Maialen Lujanbio izan ziren kantuan eta emakume finalista bakarrak jantzi zuen txapela zendu berri den Joxe Agirreren eskutik. Egañak, berriz, aurten ez dela aurkeztuko iragarri zuen. Finaleko kideak aldatuko direla badakigu behintzat.


FERMIN MUGURUZA I OHOLTZA GAINERA ITZULIKO DA

Proiektu ezberdinetan murgilduta egon da Fermin Muguruza azken urteetan. Al Jazeera katearentzat zenbait dokumental filmatu zituen eta pasa den Zinemaldian “Zuloak” pelikula aurkeztu zuen, ondoren bertako protagonistekin kontzertu bira eginez. 2013rako, ordea, bere oholtza gainerako itzulera iragarri berri du. Palestinan ekingo dio apiriletik abuztura bitartean egingo duen birari eta martxoan “FM 1999-2013” disko bilduma argitaratuko duela ere iragarri du. Bere bakarkako ibilbideko kantuak eta remix-ak bilduko ditu bertan

 
NESTOR BASTERRETXEA I BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOAN

Bilboko Arte Ederren museoak Euskal Herriko artisten lanez gozatzeko aukera eskainiko du urtean zehar. Horietako bat izango da Nestor Basterretxea –gero iritsiko dira Francisco Durrio eta Dario de Regoyosi eskainitakoak–. Otsailaren 25ean inauguratuko da erakusketa eta maiatzaren 19ra bitartean izango da ikusgai. Bertan, Basterretxeak lantzen dituen alor ezberdinak ikusi ahal izango dira, hala nola pintura, eskultura, zinema, industria diseinua, argazkilaritza eta kartelgintza. Garrantzi berezia izango dute bere hastapenetako lanek.

 
«THE HOBBIT 2» I THE DESOLATION OF SMAUG

Peter Jacksonek zuzenduta, “The Hobbit” trilogiaren bigarren pelikula 2013an iritsiko da. J.R.R. Tolkienen liburuan oinarritutako film hauek sekulako ikusmina piztu dute. Lehenengoak, “The Hobbit: an unexpected journey”, 11,4 milioi dolar bildu zituen esaterako Gabon egunean eta estreinatu zen asteburuan 37 milioi bildu zituen sarrerekin. Liburua 1932an idatzi zuen Tolkienek eta Bilbo Bolson hobbitak Gandalf magoarekin batera izandako abenturak kontatzen ditu. Haurrei zuzenduta idatzi zuen hasiera batean baina helduengana ere iritsi da.

 
MARK KNOPLER I DONOSTIAN IZANGO DA UZTAILAREN 30EAN

Udako jaialdi ezberdinetan izango diren izen handiak ari dira pixkanaka aurreratzen eta Donostian Mark Knopfler eskoziarra uztailaren 30ean izango da. Illunbeko zezen-plazan eskainiko duen kontzertuan, Dire Straits taldean ezagun egin zen abeslari eta gitarristak “Privateering” diskoa aurkeztuko du, bere bakarkako ibilbideko zazpigarrena. Zortzi musikariz lagunduta igoko da oholtzara eta kantu berriez gain, Straits garaiko “Walk of life” edo “Money for nothing” bezalako klasikoak ere joko omen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo