GARA > Idatzia > Euskal Herria

2013ko lehen umea Leire Fermoselle da, ogia besapean etorritako arabarra

Gasteizko Txagorritxu ospitalean jaio zen aurtengo lehenbiziko haur euskalduna, urte berrian sartu eta bederatzi minutura. Leire Fermoselle Amezua du izena eta 3,360 kilo pisatzen zituen erditu ondotik. Maikel Rodriguezek bezala, Arabako okinen ogia jaso zuen.

p014_f01.jpg

GARA |

Leire Fermoselle Amezua da 2013ko lehen haur euskalduna, David eta Beatrizen lehendabiziko umea, gasteiztarra. Hamabi kanpaikadak jo eta bederatzi minutura jaio zen. «Urte berriaren hasieraz zerbait konturatu ginen. Baina ez du gehiegi axola ere, hau askoz ere garrantzitsuagoa zen», adierazi zuen aitak. Azaldu zuenez, desiratzen zeuden Leire jaiotzeko. Arratsaldeko seietan iritsi ziren erietxera eta jendeak mahatsak jaten zituen bitartean erditze bete-betean zeuden.

0.19an Unax etorri zen, aurreneko ume gipuzkoarra, eta 0.25ean lehen nafarra. Honek presa zuen nonbait mundua ezagutzeko eta espero baino hilabete lehenago iritsi zen. Gurasoek ez zuten oraindik izena pentsatua. Beranduxeago ailegatu ziren Ipar Euskal Herriko eta Bizkaikoak: 02.49an Leo, 3,450 kilokoa, Baionako ospitalean, eta 03.50ean lehen bizkaitarra, Gurutzetako ospitalean.

Okinen bisita

Arabako Okindegien Elkarteak ekimen bat jarria du martxan haur jaioberriekin egiteko, elikadura osasuntsu eta orekatua sustatzeko asmoz: urteko lehendabiziko neska eta mutilari urte osorako ogia ematen diete. Aurten hirugarrenez egin dute eta Leire Fermosellek eta Maikel Rodriguezek jaso zuten oparia. Maikel guraso boliviarren semea da; 00.52an jaio zen 3,700 kiloko pisuarekin.

Bi haurren familiek atzo goizean bertan jaso zuten Arabako Okindegien Elkarteko Oscar Garro presidentearen eta Josu Santolayaren bisita. Sari horiekin, sendi bakoitzak urtean ogitan 400 euro inguru aurreztuko dituela kalkulatzen dute.

Osakidetzak ere parte hartzen du proiektu honetan, ogia dietan funtsezkoa izatea nahi duelako, elikadura oso baten ezinbesteko osagarri. Arabako okinen iritziz, garrantzitsua da familiek jaki honen onurak ezagutzea, karbohidrato, proteina, zuntz, bitamina eta mineraletan aberatsa baita.

Ikerketa zientifiko batzuek egunean 150 eta 300 gramo artean jatea gomendatzen dute, baina batez beste 100 gramo inguru kontsumitzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo