GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Corrugadoseko langileek greba mugagabea utzi eta fase berri baten aukerari leihoak ireki dizkiote

Azpeitiko Corrugados enpresako batzordeak dozenaka langilek babestuta atzo egin zuen prentsaurrekoan jakitera eman zuenez, sei hilabeteotan egin duten greba mugagabeari akabera ematea erabaki du. Fase bat itxita, berri batentzat aukeren leihoak irekitzeko. Negoziazioaren eskutik hainbat hilabetez hain ikusgarri egin den gatazkari zentzuzko konponbide bat ematearren. Batasun sindikalaren eskutik, herri babesa eta oihartzun soziala etengabe landuz, ehunka ekintza, milaka jende eta jarrera zuzen batekin esperientziaren bizkar-zorroan irakaspen ederrak eta harro egoteko motiboak pilatu dituzte. Are, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia -zuzendaritzak burutu nahi zituen kaleratzeak baliogabetuz- eta Donostiako epaitegi baten epaia, soldata %35 jaitsi eta urteko lanorduak 49 ordutan handitzeko asmoa bertan behera utzi zuena, hor dira, erreferentzia saihetsezin eta lagungarri.

Aro bat atzean utzita, ikuskizun dago enpresaren zuzendaritzak nola erantzungo duen. Kaleratzeak borondatezkoak izatea eta lan-karga ziurtatzea besterik ez zaio eskatzen. Aurrekariak erne egotekoak dira. Langileek erakutsi adoreak indarra ematen du, baina. Azpeitian eta nonahi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo