GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Existentziaren horizontean

Euskal Herria bezalako nazio txikiekin iragan mendeetako pentsalariak eta filosofoak ez dira bereziki samurrak eta baikorrak izan. Garapen historikoaren legeak aipatzean «mundu handiarekin» eta «ideia handiekin» liluratuegi aritu dira. Handia ere txikia izan dela, den-denei igoeraren ordua bezala erorketarena ere heltzen zaiela eta txiki-txikienari ere burua altxatzeko unea iristen zaiola sarritan ahaztuz.

Baina handien -eta orain igual denbora gutxi falta zaie hala izaten jarraitzeko- mespretxu eta ukazioaz askatu nahi duten nazio txikiek txiki izatearen konplexuaz ere askatu behar izaten dute, sentipen hori etengabe zuzendu edo ezabatzearenaz, edo buelta ematearen beharraz bereizgarri selektibo hortaz etengabe harropuzteko. Bai, gertatzen da txiki izatearen paperean denbora luzez konfinatua izan denak, bere indar eta ahaleginak nortasun propio horren determinazio eta defentsara bideratu dituenak, jarrera hori jada beharrezkoa ez denean ere denboran luzatzera jotzen duela, tirantza natural moduko bat baduela.

Eta arriskua ere badakar. Bere burua bere existentzia horren ispiluan ikustean, nortasun propioaren baieztapenean buru-belarri murgildurik, gainontzekoek zor dioten aitorpena ematen diotelako kontrola zorrotz zainduz, arrisku bizian dira bere energia guztiak defentsa horretan xahutzeko, bere existentziaren horizontea pobretzeko, munduarekin bere harremanetan dotorezia falta izateko.

Bere historia mingarriarekin, bere geografia zatituarekin, bere hizkuntza baztertuarekin, bere nortasun eragotziarekin... erresistentzian baieztatu du gure nazio txiki, maitagarri eta demontreak bere izatea. Auzoan «estatu-nazio» handiak finkatu zirenean gurea ez zen integratu eta orduz geroztik hementxe gabiltza, «euskal erresistentziaren» ikuskerari eta proiektuari gogo-bihotz loturik.

Eta ez da oraino asmatu okotza altxa, urruti-urruti begiratu eta nazio gisa harago jauzi egiten. Erresistentzia nortasunetik nazio-proiektu baten nortasun berri batera. Eta ez, hori ez da zerutik eroriko. Oxala asmatuko bagenu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo