GARA > Idatzia > Kultura

«Murrizketak egin ez ezik, gure eragingarritasuna areagotu beharko dugu»

p038_f01_149x125.jpg

Andres Urrutia

Euskaltzainburua

Andres Urrutia Badiola (Bilbo, 1954) notarioa, ekonomialaria, idazlea eta 2005etik, Euskaltzaindiko burua da. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta 1976an lizentziatu zen. Ondarroan notario ibili zen 1981etik 1994ra arte, eta hortik aurrera Bilbon. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Fakultateko irakasle da, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz ematen ditu eskolak.

Alvaro HILARIO | BILBO

Arautegiak aginduta, datozen lau urteotarako zuzendaritza talde berria osatu du Euskaltzaindiak. Berriaz baliatu gara, Andres Urrutia euskaltzainburuak esku artean dituzten proiektuak azal ditzan.

Zuzendaritza talde berria osatu duzue. Zer espero duzue kide berriengandik?

Guk lau urtetik lau urtera, gure estatutuen arabera, zuzendaritza berritu egiten dugu. Orduan, lau urte pasatuak genituen eta datozen lau urteotarako zuzendaritza berria hautatu dugu arautegiaren arabera. Eta horren arabera, zuzendaritza talde berri honetan nik uste nahiko jende berria sartu dela. Espero dugu, batez ere, Euskaltzaindia gizarteratzeko prozesu honetan jarraitzea, areagotzea eta zerbitzu egokiak ematea.

Zeintzuk dira aurten garatuko dituzuen proiektuak?

Gure proiektu nagusiak beti ari dira euskararen inguruan. Esango nuke bi direla nagusiak. Batetik, Iker Saila -Akademiak bere helburuetan hizkuntzaren corpus-az arduratzea ezarria duelako, eta goi-mailako ikerketa bultzatzea du xede, hizkuntzaren arau, gomendio eta abarren oinarri izan behar duena-. Bestetik, Jagon Saila -bere helburuetan euskara sustatzea, erabilera zabaltzea, hizkuntzaren kalitatea bermatzea eta hiztunen eskubideak zaintzea daude-. Proiektu nagusiak lirateke batez ere, Euskaltzaindiaren hiztegia areagotzea: orain atera dugunak 22.000 inguru ditu eta hurrengoa 18.000 izateko modukoa da; beraz, 40.000 sarrera eta azpisarrera ditugu. Betiere, gramatikan aurrerakuntzak egitea; euskal hiztegi etimologikoa ere hortxe dugu; eta, gero, lexikoaren behatokian aurrera egitea. Zeresanik ez, Atlasekin jarraituko dugu eta hor dugu euskal corpus onomastikoa ere. Lauzpabost proiektu nazional dira, hau da, Euskal Herri osoa hartzen dutenak eta euskara zein euskal kultura sustatzeko balio dutenak.

Krisialdi ekonomikoak zelako eragina izan du aipatutako proiektu horietan? Oztopatu al du baten bat?

Egia esanda, oso gogorra izan da eta izaten ari da momentu honetan. Hala ere, pentsatzen dugu gure nolabaiteko baliabide hauekin kapaz izango garela horiei eusteko eta horiei aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzatik etorriko zaigu 2013rako nolabaiteko diru kopurua; eta uste dugu, hain zuzen ere, hori kontuan harturik, gauza izango garela aurrera egiteko. Baina, beste aldetik, jakina, murrizketak egin behar izan ditugu. Murrizketak ez ezik, gure eragingarritasuna areagotu beharko dugu. Eragingarritasuna diodanean, esan nahi dut optimizatu, baliabideak ahalik eta modurik azkarren erabili eta gaurko teknologia berriek eskaintzen dizkiguten bestelako irtenbideak ere erabili.

Nafarroako Gobernutik eta Estatu frantsesetik diru laguntzarik jasotzen duzue?

Horiek ere hor daude. Oraingoz, behintzat, Iparraldean esperantza onak ditugu, mantenduko garela, behintzat. Nafarroan, printzipioz, zerbait jasotzeko esperantza daukagu, baina Nafarroako aurrekontuen egoera kontuan hartuta, beldur naiz ez ote garen lehengoan geratuko. Ez dira, hain zuzen ere, oso diru kopuru esanguratsuak, Nafarroakoak batez ere, baina, printzipioz, horretan jardungo dugu etengabe beraiekin ahal duguna egin ahal izateko eta batez ere urtean zehar beste proiektu batzuen bidez edo beste baliabide batzuen bidez nolabaiteko eskaintza areagotzeko.

Urte berri on, Urrutia jauna...

Bai, urte berri on zuentzat ere eta espero dugu benetan urte ona izan dadila. Ez dakit horrela izango den, baina aurrera egin behar dugu guztiok.

ZUZENDARITZA

«Espero dugu, batez ere, Euskaltzaindia gizarteratzeko prozesu honetan jarraitzea, areagotzea eta zerbitzu egokiak ematea»

NAFARROA

«Nafarroan, printzipioz, zerbait jasotzeko esperantza daukagu, baina beldur naiz ez ote garen lehengoan geratuko»

Sei lagunek osatzen dute Euskaltzaindiaren zuzendaritza talde berria

2012ko urriaren 18an, Bilbon, datozen lau urteotarako zuzendaritza berria aukeratu zuen Euskaltzaindiak. Urte berriarekin batera, talde berria hasi da lanean. Hauexek ditugu zuzendaritza osatzen duten euskaltzainak:

Andres Urrutia (Bilbo, 1954): Euskaltzainburua da, 2004ko abenduaren 17an aukeratua. Akademiak 1997ko martxoaren 21ean izendatu zuen euskaltzain oso. 2004an sortu zen Zuzenbidearen Euskal Akademiaren buruordea da. Deustuko Unibertsitatean Euskara Juridikoa Mintegia sortu zuen, eta, gaur egun, horren eta Zuzenbide Fakultateko euskara koordinatzailea da. Euskal Herriko Foru Zuzenbideari buruzko Legea atondu zuen legelarien batzordean parte hartu zuen.

Xarles Videgain (Baiona, 1947): Letretan doktorea da. Euskal literatura eta euskal mintzairaren katedra, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean. Euskaltzain oso izendatua 2009ko martxoan, eta Euskaltzaindiaren buruorde, 2012ko urrian. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) lantaldeko arduradun teknikoa da, Gotzon Aurrekoetxearekin batera. Hiztegi Batuko lantaldeko kidea.

Xabier Kintana (Bilbo, 1946): Deustuko Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziatu zen. Hogei urte besterik ez zituela, 1966an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. Euskaltzain oso, berriz, 1993ko urriaren 29an hautatu zuen. Euskaltzaindiko idazkaria da, 2002ko otsailetik.

Sagrario Aleman (Etxaleku, 1952): Farmazian lizentziatua da. Nafarroako alfabetatze eta euskalduntze mugimenduan ezinbesteko erreferentzia da. 1972an hasi zen lanean helduen euskalduntzean. 1981-82 ikasturtetik aurrera Arturo Campion euskaltegian dihardu, bertako zuzendaria delarik 1982. urtetik. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006an, eta 2007ko ekainaren 1ean euskaltzain oso aukeratu zuen. Euskaltzaindian, Sustapen Batzordeko burua da.

Adolfo Arejita (Bilbo, 1953): Filologia Erromanikoa ikasi zuen eta Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia sortu zenean hasi zen bertan irakasle. 1995ean, Euskal Filologia adarrean, doktoretza eskuratu zuen. 1980etik, Deustuko Unibertsitatean dihardu, irakasle gisa. Euskaltzain osoa da, 2004an hautatua. Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa eta Ahozko Tradizioa Biltzeko egitasmoetako zuzendaria da.

Jean-Baptiste Coyos (Maule, 1952): 1974an lehen mailako irakasle ikasketak burutu zituen eta geroztik irakaslea izan zen 2008ra arte. Hizkuntzalaritza Orokorreko doktorea da (1998, René Descartes Unibertsitatean Sorbonne Paris V, «Description du parler basque souletin des Arbailles - Étude de l'ergativité» izeneko tesiarekin). 1999tik 2003ra Hizkuntza Politikarako karguduna Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusian, eta ikerketa karguduna Baionako Iker Zentroan (2004-2006). 2006an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Akademiaren Sustapen Batzordeko kidea da. A.H.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo