GARA > Idatzia > Euskal Herria

Anoetako istiluak argitzeko batzordea osatuko du Segurtasun sailburuak

Lakuako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak Euskal Selekzioaren futbol partiduan Anoeta estadioan gertatutako istiluak argitzeko ikerketa batzordea sortuko duela agindu zuen atzo, Ertzaintzaren jokabidea aztertzeko eta ardurak banatzeko.

GARA | BILBO

Hainbat eremutatik presio handia jaso ondoren, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Anoetan gertatutako istilu larriak ikertuko ditu. Azken egunetan, alderdi politiko ezberdinek kritika zorrotzak zuzendu dizkiote sailburuari, Euskal Selekzioaren partiduan gertatutako liskarrak ez aztertzeagatik. Azkenean, ikerketa batzordea martxan jartzea erabaki zuen atzo Lakuako Gobernuak, Ertzaintzaren jokaera aztertzeko eta erantzukizunak banatzeko.

Beltran de Herediak berak agindu zuen ikerketa batzordea osatuko dutela, atzo goizean Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagarekin eta Ertzaintzaren zuzendari berri Gervasio Gabirondorekin izandako batzarrean. Bi kargudun berrien izendapenak EAEko Aldizkari Ofizialean agertu ziren atzo.

Batzorde berri honen helburua Ertzaintzak Anoetako estadioan erabilitako bitartekoak aztertzea izango da, istiluen aurrean erantzuteko protokoloan «hobekuntzak edo aldaketak» egiteko.

Ikerketa batzorde berri honek paraleloki lan egingo du Ertzaintzak Anoetaren inguruko istiluak direla-eta abiatutako ikerketarekin. Azken horretan ustez istiluetan ibilitakoek ardura penalik baduten ikertzen ari dira.

Kargudun berriei dagokionez, Josu Zubiaga, Segurtasun sailburuorde berria, gasteiztarra da, Donostian jaioa. 50 urte ditu, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da EHUn. Aurretik Arabako Aldundian Ogasun zuzendaria izandakoa da, Xabier Agirre ahaldun nagusia zenean.

Ertzaintzaren zuzendari berria Gervasio Gabirondo da, 55 urteko zarauztarra. Kargua libre zegoen, aurreko zuzendari Jose Antonio Varelak hauteskundeen ostean dimititu zuenetik.

Gabirondo Ertzaintzaren lehendabiziko promozioko aurrena izan zen. Indar polizial autonomikoaren hiri dibisioen zuzendaria izandakoa da (Polizia Kriminala, Ikuskaritza Orokorra eta Hiritarren Segurtasuna). Izendatua izan aurretik, Ertzaintzaren Azkoitiko polizia etxea zuzentzen ziharduen.

Mediavilla, Permachen kontra

Anoetako istiluekin jarraituz, Koldo Mediavilla EAJko bozeramaileak gogor kritikatu zuen Joseba Permach, azken honek «Urkulluren Ertzaintza» zela esateagatik.

«Deigarria da Permachen lagunek, hau da, erradikalek eta fanatikoek istiluak sortzean soilik Ertzaintzaren jokabideari so egitea, eta ez bengalak bota zituzten guztiei», bota zuen jeltzaleak.

Erne

Ertzaintzaren sindikatuak ikerketa batzordean parte hartzeko eskaera egin dio Segurtasun sailburuari, bere esanetan, «lehen eskuko informazioa duelako» eta bere partaidetza «funtsezkoa» izan daitekeelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo