GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Batasunaren agurra, erronka berrien bizigaia

Euskal Herriko paisaia politikoan izenak eta siglak -garrantzia duten ala ez eztabaida gorabehera-, zuhaitzetan hostoak bezala, jaio, hazi eta erori izan dira, eta prozesu natural horretan kimu berrientzako lurra ongarritu dute, kultura politiko eta lagunarte berrientzat bizigai. Biziaren legea ere bada, eta herri honetako bizitza politiko aski aldrebestuan, bizilege egin da ezker abertzalearentzat. Atzo, Baionan, Maite Goienetxe eta Jean-Claude Agerre Batasunako burukideek ezagutarazi zutenez, Batasunaren agurraren ordua heldu da. Bere burua desegingo du. Joko politikorako Batasuna desegin, baina betiere jokoaren onerako. Segi gazte antolakundearen eta Askatasuna errepresioaren aurkako elkartearen agurraren ondotik, garaikidea zen Batasunaren agurra ez da sorpresa izan. Logika berean, garai berri eta paradigma politiko berriotarako tresnak asmatzeko ahalegin bereko ezpala baita. Logikaren haritik tiraka, datozen denboretan trinkotuko diren errealitate antolatu berriei bidea libreago eta horizontea garbiago utziko diena.

Agurraren orduan sarri izan ohi dira lausenguak eta laudorioak. Hamaika urtetako ibilbidean, ezinak eta errakuntzak ezagututa, hamaika jazarpen, hamaika bizipen... izate bat, jarrera bat metatu da ondarean. Hura ongi bilduz eta baloratuz, Batasunaren hauts horietatik hamaika erronka berritarako bizigaia ez da faltako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo