GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Alcanon ez da Arestirik (ere)

Nire lagun bat Juan Carlos I.an bizi da, baina ez da bizargile hordia, eta ez da anaiaren koinatuarekin (badakizue, maingua) bizi. Nik Arestin bizi nahiago nuke. Gasteizkoan baina. Poeta bilbotarrak ez zuen idatzi, nik dakidala behintzat, ez zuela Gasteizen karrikarik nahi.

Alcanon (Lleida), inor ez da Arestin bizi, nik dakidala behintzat, baina urtarrilaz geroztik ezta Joan Carles I.an ere, herrixka hartako Udalak, bizilagunek hala eskatuta, bere kaleetako batetik errege espainiarraren izena kentzea erabaki berri du eta. Zin dagit (Jainkoaren edo deabruaren aurrean zein atzean, apalik nahiz harroturik) albiste horren izenburua irakurri orduko bururatu zitzaidala erabaki hori frankismoaren arrastoen agerpenak ezabatzea dela, eta horretaz idatzi behar nuen gaurko zerrenda hau. Albistean aurrera egin eta berehala, ordea, irakurri nuen Alcanoko alkateak uste duela errege espainiarraren izena kentzea «sinbolo frankistak kentzearen parekoa» dela. Hala eta guztiz ere, berdin-berdin ekarri dut albistea hizpide. Hori bai, argi utzita Alcanoko alkate jaun agurgarriaren iritzia dela. Eta ni harekin bat natorrela, jakina.

Gasteizera itzulita, hilaren 8an Auzitegi Nazional espainolera deklaratzera joan behar duten hamaika gasteiztarrei (ez hamabi ez hamar) elkartasuna adierazteko ekitaldia egin zuten atzo. «Terrorismoari gorazarre» egitea egotzi diete hamaika lagun horiei. Gure anaia delitu berberagatik atxilotu zutela gogoratu zitzaidan. Hamasei urte zituen 1975eko irailaren 27 hartan, eta Txiki eta Otaegi fusilatzearen aurkako protesta batean parte hartzeagatik eraman zuen Guardia Zibilak. Haren eskuetan zegoela, kartzelara baino lehen, Madrilgo Oriente plazan milaka espainiarrek, tartean Juan Carlos I.a izango zena, omendu egin zuten diktadorea. Hogeita hamazazpi urte geroago ere, euskal preso eta iheslarien aldeko agerpenetan parte hartzeagatik auzipetu dezakete jendea.

Hori ere, terrorismoaren apologia delitua izatea, alegia, ez ote da frankismoaren arrastoa eta, beraz, dagokien agintariek, Alcanoko alkate arduratsuak bezala, ezabatu beharrekoa?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo