GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Lehen helburua leku bat egitea da, iristea ez da-eta mantentzea bezain zaila»

p041_f01_097x160.jpg

Mikel Larunbe

Asegarcerekin debuta egingo duen atzelaria

Nahikoa lasai egingo omen du Bilboko Bizkaia pilotaleku erraldoian gaur arratsaldean profesionaletako debuta Mikel Larunbe atzelari galdakoztarrak. Izan ere, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza ikasten ari da Eibarko Unibertsitatean, eta datozen egunetan izango dituen azterketak prestatzen batetik eta entrenatzen bestetik, ez du debutaz pentsatzeko denbora larregi izan.

Jon ORMAZABAL

Atsedenerako denbora gutxi du Mikel Larunbe gazteak, azterketak, entrenamenduak... denak pilatu zaizkio azken egunetan, baina GARArekin egoteko tartetxo bat atera ahal izan du.

Nola daramatzazu debutaren aurreko egun hauek?

Egia esan, debutaz pentsatzeko denbora handirik ez dut izan eta hobe horrela. Entrenatzen ibili naiz, teknikoa egun batean fisikoa bestean; gero gainera urtarrilean azterketak ditut eta Gabonetan asko ikasi behar izan dut. Eibarren ari naiz, bertako unibertsitatean, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza ikasten. Bigarren urtea da eta oraingoz gustura.

Eta Miribillako azterketarako prestatuta al zaude?

Ez dakit zer esan. Bikote gogorra daukagu aurrean, eta frontoia ere atzelarientzat nahikoa exigentea da. Baina lagun ona daukat. Asier oso momentu onean dago, joko handia egiten dabil eta asko lagunduko didala espero dut. Nik ea nerbioak uxatzen ditudan eta partida ona egiterik dudan.

Oso gazterik, 19 urterekin, egingo duzu debuta; ez ote da goizegi izango?

Era askotako iritziak daude. Batzuek esaten didate goizegi dela, gazteegia naizela. Egia da oso gaztea naizela, baina aukera orain etorri zait eta horrelakoak aprobetxatu behar dira. Erabakia hau izan da eta ea ondo doakidan. Gainera, azkenaldian debut gehienak ere hala izan dira; Danel Elezkanok 17 urterekin egin zuen; Zabaletak ere oso antzeko. Jende gaztearengan konfiantza jartzen ari dira.

Hori bai, afizionatuetako txapelketa garrantzitsuenetako bat irabazi berri emango duzu jauzia...

DV-a oso txapelketa garrantzitsua da eta irabazi egin nuen, baina esan beharra daukat oso bikote ona izan nuela; Eneko Yoldik ikaragarri jokatu zuen finalean eta nik ez nuen lan handirik izan. Berak eraman zuen partidaren erritmoa. Bere meritua izan zen.

Umetan pilota baino futbola nahiago omen zenuen?

Txikitan futbolean aritzen nintzen eta aitak esan zidan pilotan probatzeko. Nik ez nuen nahi, kuadrillako lagunak futbolean aritzen zirelako, baina probatu eta berehala gustatu zitzaidan pilota. Andoni Beroizek asko lagundu zidan. Berak sartu zidan afizioa.

Aitak pilotarako dohainak ikusten zizkizun?

Berak gauza berriak probatzea nahi zuen eta, gustatu izan ez balitzait, berehala esango nion `aita nahiago dut futbolean jarraitu'. Baina pilota gehiago gustatu zitzaidan, lagunak egin nintuen eta azkenean bertan geratzea erabaki nuen.

Galdakaon gainera, pilota eskola bikaina duzue, Adiskide sekulako lana egiten ari da?

Bai, halaxe da. Beroiztarrek, aitak lehenengo duela urte asko eta Andoni semeak ondoren, lan handia egin zuten. Gero Mikel Etxegia etorri zen. Harekin bost urtez ibili nintzen eta, egia esan, berak asko aldatu zuen entrenatzeko era. Pilotariekin oso ondo portatu da eta asko erakutsi digu, eta ez bakarrik frontoian jakin beharrekoak, takoak jartzen material berriak erabiltzen. ikasten... Asko erakutsi zigun eta esan beharra dut, neurri handi batean, berari esker nagoela nagoen tokian.

Debuta udan egin zuen Danel Elezkanorekin ordu askoan ibilitakoa zara Adiskiden. Zer aholkatu dizu debuterako?

Esan dit lasai egoteko, gauzak errazagoak izango direla eta horrela. Zortea opatu dit eta ea ondo egiten ditugun gauzak. Asko animatu nau.

Helbururen bat jarri al diozu zure profesionaletako ibilbideari?

Lehen helburua bertan tokia egitea izango da, iristea ez da eta mantentzea bezain zaila. Hortik aurrera, ahal bada goraka egin nahiko nuke.

Ezagutzen ez zaituenarentzat, nolako atzelaria zarela esango zenuke?

Atzelari bezala, bi eskuekin daukat konfiantza. Ezkerraz agian pilota gutxiago galtzen dut, postura naturalagoa daukat, baina eskumaz gehiago jotzen diot pilotari. Saiatzen naiz ahalik eta gehien bikoteari laguntzen, nahiko ondo kubritzen dut kantxa. Atzelari bezala, normaltxoa, ez dakit zer esan.

Gustuko pilotaririk edo erreferentziarik baduzu?

Atzelari bezala, Barriola beti asko gustatu izan zait. Bi eskuekin defendatzen du, oso konpletoa da. Buruz buru eta binaka beti goran ibili da eta beti gustatu izan zait. Aimar Olaizola ere bai eta orain, berarekin entrenatuta, Pablito ere bai, tantoa amaitzeko duen erraztasunagatik eta pilota nahi duen tokian jartzen duelako, oso teknikoa da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo