GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

txinga

Agirregabiriak inongo arazorik gabe hartu zuen mendean Drame senegaldarra

J.L.

Txinga desafioa ere Deban izan zen, eta bertan Agirregabiria, azken urte hauetako Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelduna, eta Drame senegaldarra neurtu ziren buruz buru.

Gipuzkoarrak sei plazako aldea eman zion. Kirolari bakoitzak 50 kiloko txinga bana esku bakoitzean hartu, eta ahalik eta plazarik gehien egitea zen helburua, denbora librean. Ikusmin handia piztu zuen saio honek, baina bukaeran ez zuen izan inongo emoziorik.

Afrikarrak bederatzi plaza eta erdi egin zituen. Agirregabiriak 15 plaza baino gehiago egin behar zituen garaipena lortzeko, eta 18 egin zituen, aparteko arazorik gabe.

«Oso urduri etorri da. Ez du berea eman», esan zuen Agirregabiriak, amaitu ostean. «Planta oso ona dauka, eta kirol honetan aritzeko aproposa dela esango nuke. Orain erakutsi egin behar diogu, jendearen aurrean lasaiago aritzen, eta denborarekin jarriko den itxaropen osoa daukat», erantsi zuen Debakoak. «Jendearentzat ez da polita izan, emozio gehiago izatea esperoko zutelako, baina hemendik denbora batera lan askoz hobea egingo du», aitortu zuen Juanjo Agirregabiriak.

Drame ez da txingatan dabilen atzerritar bakarra. Emakumezkoetan Sousa brasildarra ari da, eta bera da gainera txapelduna. Golova eslovakiarra ere ari da kirol honetan. Beraz, kanpotik datozenentzat kirol aproposa dela dirudi, herri kirolen munduan gainerako kiroletan ez baitira ikusten.

Heriotza

Urtea ez da ongi hasi herri kirolen munduan, herenegun zendu baitzen Jose Inazio Isla, Bizkaiko Herri Kirol Federazioko presidentea. Gaixotasun larri bezain azkar batek eraman du, oso denbora gutxi egon baita gaixorik.

Hileta elizkizunak Getxon, bere herrian, izango dira gaur 19.00etatik aurrera. Andra Mari elizan egingo diote azken agurra orain arte Bizkaiko presidentea izan denari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo