GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Andinismoa | Jarduerak

Patagoniako erpin zorrotzek mugimendua nabari dute

Orain arteko eskalada garrantzitsuena boskote batek lortu du Cerro Murallonen: «Pilar del sol» bidea (1.000 m, 7b, A1, M6, WI6). Polloneko mendigunean, Mermoz Orratzean, Egger Dorrean, Toboganen, Cerro Solon... ere jarduerak izan dira.

p038_f02_148x204.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Argentinako Patagoniako erpinetan denboraldiak aurrera jarraitzen du. Duela pare bat hilabete orriotan aipatzen genizuen goiztiarrenak eskalada adierazgarri bat egiten Jorge Ackerman eta Michael Lerjen-Demjen izan zirela; izan ere, Fitz Royko ekialdeko aurpegian «Un mar de sueños» marra (1.200 m, 7a, A3, M4) zabaldu zuten.

Negua nahiko lehorra joan zen, eta uda bero eta lehor hasi zen. Ondorioz, lehen jarduera garrantzitsuenak arrokan egin dira. Gabonetako festekin batera, berriz, eguraldi egonkorra indartu zen, baina nahiko hezea izan da. Baldintza horiek ikusita, El Chaltenera hurbildutako alpinistek katu-oinak baztertu eta elur zein izotzezko bideak hautatu zituzten. Hori dela eta, hurrengo orrialdean aipatzen dugun bezala, Cerro Torreko «Ragni» bideak protagonismo berezia hartu zuen.

Bien bitartean, sokada ezberdinek sakabanatuta jardun dute. Adibidez, denboraldi honetan jaso den eskalada azpimarragarrienetako bat Cerro Murallonetik iritsi da. Albiste hau luze eta zabal jorratuko dugu beste batean; aurretik soilik aipatuko dugu Lise Billon, Francois Poncet, Jeremy Stagnetto eta Jerome Sullivan frantziarrek eta Pedro Diaz espainiarrak paretaren ipar-ekialdeko ertza eskalatu dutela: «Pilar del sol» izena jarri diote (1.000 m, 7b, A1, M6, WI6).

Aipatzeko modukoa da ere Jumbo Jokoyama eta Ryo Masumoto japoniarrek Pollone mendigunean zeharkaldia egin dutela. Giri-Giri Boys taldeko bi kide hauek 29 luze eskalatu dituzte, eta zailtasun teknikoak 7a bitartekoak izan dira.

Beste protagonista bat Colin Haley estatubatuarra dugu. Patagoniako pareta hauek ezagutu zituenetik, urtero bisita egiten die. Nahiz eta eguraldia erabat egonkorra ez izan, Haley ia beti mugimenduan ikusten dugu. Jon Walsh kanadarrarekin batera erronka ederra jarri zuen martxan: Cerro Torreko «Ragni» eta Egger Dorreko «Venas Azules» marrak lotzea. Abenduaren 25ean lehen bidea eskalatu ostean, erpina rapelatu, eta, biharamunean, Jason Kruk eta Hayden Kenendyk iaz zabaldutako izotzezko bidean (950 m, 6b+, A1, AI6) sartu ziren. Marra hori amaitzeko luze batzuk falta zitzaizkienean, eguraldiak okerrera egin zuen, eta jaistea erabaki zuten.

Sokada horrek eginiko beste eskalada aipagarri bat Punta Herronekoa dugu. Bi alpinistok «Tobogan» bidearen bigarren igoera eta lehen igoera askea sinatu zuten. Rolando Garibotti eta Silvo Karok 1999. urtean zabaldu zuten, eta Haley eta Walshek AI4 eta M6 baldintzetan eskalatu dute.

Intentsitatea

Korra Pesce italiarra eta Manu Cordova espainiarra ere soka berera lotu dira. El Chaltenera iritsi bezain pronto, eta eguraldi nahiko traketsa izan bazuten ere, helburuak zehazten joan ziren. Bi dira aipatzeko moduko jarduerak.

Lehena, Mermoz Orratzan sinatu zuten. Horretarako «Vol de Nuit» marra (600 m, M6, A2) aukera zuten. Andy Parkin britainarrak 1999. urtean orratzaren ekialdeko aurpegian bakarka zabaldutako proposamena dugu. Bidea zabaldu bai, baina bai Parkinek bai hurrengo errepikatzaileek ez zuten gailurrik erdietsi. Bada, Pesce eta Cordova bide hori egiten eta tontorra zapaltzen lehenak izan dira.

«Arrokazko orratz batean sortu zen mistoko marra ikaragarri bat da. Gainera, gailurra oso zorrotza du. Aurreko errepikatzaileak lepoan geratu ziren, eta guk geuk tontorrera iristeko aukera izan genuen. Eguraldi bikaina izan genuen. Hotza bai, baina ia haizerik gabe. Bidearen giltza granitozko bi diedro perfektuak dira. Uste dut haien zailtasun teknikoa M8 ingurukoa izango dela», aipatu du Cordovak.

24 orduko atsedena hartu ondoren, bi protagonistok berriro martxan jarri ziren. Eguraldi ona eta egonkorra iragarri zuten: «Egger Dorrea izan zen hurrengo xedea. Cerro Standhart-eko `Exocet' bidetik hasi ginen, erpin bereko «Caracol» marratik jarraitu eta Standhart eta Eggerren artean dagoen lepora iritsi ginen. Herroneko `Spigoli de Bimbi' eskalatu eta `Huber-Schnaf' bidean sartu ginen. Marra horrek Egger Dorreko gailurrera eraman gintuen. 23 orduko jardun luzea izan zen. Guztira, 1.050 metroko eskalada izan zen eta 1.800 metroko desnibela gainditu genuen. Inolako zalantzarik gabe, Patagoniako benetako estiloa barrutik ezagutu dugu».

Cerro Murallon

Bost alpinistek osatutako sokada batek paretaren ipar-ekialdeko ertza eskalatu du: «Pilar del sol» (1000m, 7b, A1, M6, WI6)

pollone

Jumbo Jokoyama eta Ryo Masumoto japoniarrek Pollone mendigunearen zeharkaldia sinatu berri dute.

saiatuz

Colin Haley eta Jon Walsh «Ragni» eta «Venas Azules» bideak lotzen saiatu dira. Herronen, berriz, «Tobogan» bidearen lehen igoera librea egin dute

azkar

Korra Pesce eta Manu Cordova Mermozeko «Vol de Nuit» marra gailurrera eraman dute. Egger Dorrearen tontorra ere zapaldu dute, 1.050 metroko eskalada egin ondoren

Cerro Torreko «Ragni» bideak protagonismo berezia hartu du

Inolako zalantzarik gabe, Cerro Torreko «Ragni» bidea oihartzun berezia izaten ari da. Bai, berezia da oso abenduaren 24 eta 25ean han gertaturikoa. Pirinioetako izotzezko bide klasiko baten itxura hartu zuen; izan ere, bi egun horietan 28 alpinistek bidea eskalatu eta gailurra erdietsi zuten.

Egun berezi horiek iritsi arte, hegoaldeko aurpegian dagoen izotzezko bide horrek 80 igoera ikusi zituen. Orain, berriz, ehundik gora ditu. Italiarren proposamen hori igo duten ia gehienek diote bikaina zein erakargarria dela. Hala ere, igoera uholde hori zergatik gertatu den ulertzeko bi kontu azpimarratu behar ditugu.

Lehena, arestian aipatu duguna izan da. Hots, data horietan eguraldi onak eta hezetasunak oso baldintza egokiak aurkeztu zituela «Ragni» bezalako bide bat eskalatu ahal izateko.

Bigarrena, iaztik «Maestri» bidean ez dela inor sartzen. Gogora ekarri behar dugu, Jason Kruk eta Hayden Kennedyk iltze eta parabolt sorta handia kendu zutela; bestela esanda, «Maestri» askoz ere garbiago dagoela. Andoni ARABAOLAZA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo