GARA > Idatzia > Euskal Herria

PPren eta PSEren jarrera monolitikoak amaitu direla nabarmendu du Urizarrek

Euskal Herrian ziklo berria zabaldu dela, eta PPren eta PSEren barnean ere horretaz ohartu direnak badirela esan zuen EAko buru Pello Urizarrek. Horregatik, beharrezkoa den urratsa egitera animatu zituen.

GARA | DONOSTIA

PSEren eta PPren barnean «dagoeneko jarrera monolitikoak ez direla nagusi» adierazi zuen atzo EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek. Halere, «orain arte hamarkadetan puztu duten iritzi publiko espainolari aurre egiteko indarrak bildu ez izana» deitoratu zuen.

Gauzak horrela, bi alderdi hauek «orain arte eman ez duten urratsa ematera» animatu zituen. «Ez dugu beste munduko zerbait eskatzen, Estatu frantsesean alderdi guztiek prozesu politikoan lan egiten dutelako eta gatazkaren konponbidean laguntzen dutelako».

Prentsaurrekoa eman zuen atzo Urizarrek Donostian, eta bertan, 2013a EArentzako urte berezia izango dela adierazi zuen, alderdiak biltzar nagusia egingo duelako. Hitzordu horri begira, burujabetza eta alor sozioekonomikoa oinarri izango dituen eztabaida-dinamika bati ekin zioten atzo EAko kideek.

Duela lau urte egin zuten biltzarretik balantzea egiteko orduan, egoera politikoa nabarmen aldatu dela esan zuen Urizarrek. Honekin batera, azken biltzarrean EAk markatu zituen helburu gehienak bete direla-eta poza azaldu zuen.

«Bakebidean aurrera egitearekin batera, duela lau urte ezinbesteko bi helburu ezarri genituen: independentisten batasuna eratzea egoera politikoari buelta emateko, eta independentismoak erakundeetan jendartean duen pisu bera izan zezan. Bi erronka hauek lortu ditugu, independentismoa aldaketa politikoa lortzeko ezinbesteko osagaia bilakatu delako».

Hemendik aurrera, hurrengo fase politikoan aurre egin beharko diren erronkak aztertuko ditu EAk.

«Euskal Herrian aldaketak jarraituko du eta autodeterminazio eskubidea lortzera eramango gaitu. Erabateko burujabetza eskuratzeko bidean etapa berri baten oinarriak jartzeko baldintzak ditugu», esan zuen EAko idazkari nagusiak.

Urizarrek nabarmendu duenez, «independentzia beste aukera bat da eta ikusi eta aztertu beharko da nola ekiten diogun bidaia horri. Baina bidea egin daiteke euskal jendarteak horrela nahi badu».

Egoera honetan PPk duen jarrera kritikatu zuen Urizarrek, «ez logikarik ez jendartearen sostengurik ez duen birzentralizazioa bultzatu nahi duelako». Honekin batera, federalismoaren aukera ere indartu dela gogoratu zuen, PSOEko sektore batzuen sostenguarekin.

Burujabetza

«Monarkia inoiz baino gehiago zalantzan da, eta autonomiak herritarren eskubideak defendatzeko gai ez dela frogatu du», nabarmendu zuen EAko buruak. «Euskal Herrian eta Katalunian martxan diren prozesu soberanistak errotutako errealitateak dira eta ez dute jendartea asaldatzen. Halere, Estatuak, kosta ahala kosta, atzera bota nahi ditu, beldurra dion konfrontazio demokratikoaren fasera helduko ginatekeelako», esan zuen.

«Egiteko dagoena guztion artean egin beharko genuke, guztiok prozesuan aportatzeko dugulako», erantsi zuen Urizarrek. Horregatik, gogor kritikatu zuen alderdi espainolek aurrera egiteari uko egitea.

«Arrazoizkoa baino gehiago ari zaie kostatzen, nahiz eta dituzten jarrerak itxura egiten duten bezain monolitikoak ez direla publikoki agerian gelditu den», gaineratu zuen.

«Alderdi hauetako euskal ordezkariek argi dute ezin dutela duela lau urteko joko-arauekin jarraitu. PSEk eta PPk orain arte eman ez duten urratsa eman behar dute. Ez gara beste munduko zerbait eskatzen ari. Estatu frantsesean alderdi guztiek prozesu politikoaren alde lan egiten dute eta gatazkaren konponbidean urratsak emateko laguntzen dute», esan zuen.

EAJ funanbulista

Pello Urizarren hitzetan, EAJk «funanbulismo ariketak egin ditu Ajuria Enea berreskuratzeko, oso trebeak dira horretan. Hori lortu ondoren, aukera historiko honi erantzuteko gai diren ikusi beharko dugu».

biltzar nagusia

2013an biltzar nagusia egingo du EAk. Duela lau urtekoan ezarri zituzten helburuak bete dituztela esan zuen Urizarrek. Independentistak batu dira eta erakundeetan ere gizartean duten pisua bereganatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo