GARA > Idatzia > Mundua

Lehen ministro japoniarrak Senkaku irlen segurtasuna indartzeko eskatu du

Japoniako lehen ministro berriak, Shinzo Abek, Senkaku edo Diayou irlen segurtasuna indartzeko eskatu dio Defentsa ministroari. Astelehenean, Txinako lau itsasontzi Tokioren agintepean dauden irlen ur eremuan sartu ziren. Abek Pekinen jarrera gogor gaitzetsi zuen.

GARA | TOKIO

Japoniako lehen ministroak, Shinzo Abek, Senkaku edo Diayou irlen gaineko segurtasuna indartu nahi du Txinako itsas-zaingoaren lau itsasontzi Tokioren agintaritzapean dauden irlen ur eremuetan sartu ostean.

Asteleheneko gertaeraren aurrean, «erantzun irmoa nahi» duela esan zion Abek Defentsa ministroari, Itsunori Onoderari.

Kanpo Harremanetarako ministroordeak, Akitaka Saikik, Tokiok Txinan duen enbaxadoreari, Cheng Yonghuari, hots egin zion halako gertaerak errepika ez daitezen eskatzeko. Gobernu japoniarraren bozeramaileak, Yoshihide Sugak, tamalgarritzat jo zuen gertaera.

Txinak Japoniako agintarien kritikak ukatu zituen, eta «legez kanpoko ekintzak» alde batera uztea exijitu zien.«Ez dugu Japoniaren kexua onartzen. Tokiok ez du inoiz aintzat hartu Txinaren iritzia ezta hegazkin japoniarrak gure aire-eremuan sartzen direnean egin ditugun salaketak ere», plazaratu zuen Atzerri-ministerioaren bozeramaileak, Hong Leik.

«Diayou irlak eta inguruan dauden irlatxoak Txinarenak izan dira betidanik, beraz, erabat normalak dira Txinako hegazkinek eta itsasontziek beraien aire eta ur-eremuetan egiten dituzten jarduerak, hori da eta beraien eginbeharra», nabarmendu zuen.

Pekinen arabera, Japoniak irla horiek 1894-95eko gerran kendu zizkion. Geroztik, Diayou irlen -hala deitzen die Txinak- subiranotasuna aldarrikatzen du.

Pasa den irailean, Gobernu japoniarrak artxipelagoa osatzen duten bost irletatik hiru erosiko dituela esan zuen. Diru bereziak erabiliz, 20 milioi euro ordainduko dizkio jabeari. Horrek gatazka berpiztu zuen. Abek argi utzi du ez dituela Txinaren aldarrikapenak onartuko.

gatazka historikoa

Txinak eta Taiwanek Senkaku edo Diayou irlen subiranotasuna aldarrikatzen dute. Artxipelagoa XIV. mendean aurkitu zuela argudiatzen du Txinak. Hala ere, irla batzuk Taiwanenek direla aitortzen du. Japoniak, berriz, artxipelago osoa berea dela esaten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo