GARA > Idatzia > Kultura

Pablo Berger salbu, euskal zinemagintzak presentzia urria izango du Goya sarietan

Pablo Berger zinemagile bilbotarraren «Blancanieves» filma aurtengo Goya sarietarako hautagaitza gehien lortu duen filma izan arren -18 izendapen eskuratu ditu, horien artean garrantzitsuenak-, euskal zinemagintzak ez du ia presentziarik izango Estatuko zinemaren sarien banaketan. Donostiako Zinemaldiak, ordea, bete-betean asmatu zuela dirudi, Sail Ofizialean aurkeztutako hiru film bihurtu baitira Goyen protagonista. Sariok otsailaren 17an banatuko dira.

p039_f02.jpg

A.E. | DONOSTIA

Joan den urtearen bukaeran, Goya sarien hautagaien izenak jakitera eman zituztenean, euskal zinemagintzak 2012. urtean emandako ia «uzta» osoa agertzen zen: «Baztan», «Bypass», «Pura vida» edo «Gazta zati bat» filmek, batzuen harridurarako, lehen zerrenda luze hartan agertzen ziren hainbat izendapen jaso zituzten. Atzo goizean, ordea, finalisten izenak iragarri zituztenean egoera erabat aldatu zen, gurean ekoitzitako filmetatik bakarra sartu baita otsailaren 17an Madrilen banatuko diren sarien sailetarako hautagaien artean: Ivan Oneka eta Gorka Vazquezen «The Wish Fish», alegia, Baleukoko ekoizpena, animaziozko film onenaren sarirako hautagaia da.

Estatu espainoleko zinemagintzako sari nagusietan, dena den, industrian lanean ari diren zenbait euskaldun hautagaien artean agertzen dira. Horien artean Koldo Zuazua ekoizle donostiarra dugu; berak ekoitzitako «Voice Over» laburra -Martin Rosete eta Luiso Berdejo beteranoek idaztearen inguruko hausnarketa egin dute- fikziozko film labur onenaren Goya sarirako hautagaien artean dago.

Baina aipagarriena, zalantzarik gabe, Pablo Berger zinemagile bilbotarra dugu. Zuri-beltzean filmatutako «Blancanieves» lan ederrak iazko Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zituen. Goya sarietan izendapen gehien jaso dituen filma izan da flamenko eta zezenen mundura moldatutako Edurnezuriren bertsio hau: 18 izendapen eskuratu ditu, horien artean film onena, zuzendari onena (Pablo Berger), emakumezko aktore onena (Maribel Verdu), gizonezko aktore onena (Daniel Gimenez Cacho), taldeko emakumezko aktore onena (Angela Molina), taldeko gizonezko aktore onena (Josep Maria Pou), emakumezko aktore berri onena (Macarena Garcia), gizonezko aktore berri onena (Emilio Gavira), jatorrizko gidoi onena, musika onena, jatorrizko abesti onena, ekoizpen zuzendaritza onena, argazki onena, muntaketa onena, arte zuzendaritza onena, jantzi diseinu onena, makillaje eta ile-apainketa onena eta efektu berezi onenak. 

Egia esan, Zinemaldiko hautaketa batzordeak bete-betean asmatu zuen, Sail Ofizialean lehiaketatik kanpo aurkeztu zen «Lo imposible» ikusgarria -eta zinema aretoetan errekorrak hausten ari den filma- Goyen faboritoetakoa baita. Lortutako 14 izendapenen artean, film onena, zuzendari onena (Juan Antonio Bayona), emakumezko aktore onena (Naomi Watts), taldeko aktore onena (Ewan McGregor) eta gizonezko aktore berri onena (Tom Holland).

Fernando Truebaren «El artista y la modelo» filmak zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Donostian -ez zen, halere, kritikarien lanik gustukoena izan-, eta Goyetan 13 izendapen lortu ditu. Jose Sacristan aktore onenaren sariko hautagaia da «El muerto y ser feliz» filmagatik -Zilarrezko Maskorra lortu zuen hemen- eta Penelope Cruzek, berriz, emakumezko aktore onenaren saria eskuratzeko aukera du «Venuto al mundo» filmean eginiko lanagatik -Sail Ofizialean ikusi ahal izan zen-.

Iberoamerikako film onenaren saria eskuratzeko hautagai diren lau filmetatik hiru hemen ikusi ahal izan genituen -«7 cajas», «Infancia clandestina» eta «Después de Lucía»- eta Europako film onenaren sailean Urrezko Maskorra irabazi zuen François Ozon zuzendariaren «Dans la maison» saria irabazteko lehiatuko da 2011n Zinemaldian aurkeztutako honako bi filmen aurka: «Intouchables» eta «Shame».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo