GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria

Lurrun-marrazkiak

 

Ederra benetan Nagore Amondarainen azken GAUR 8ko artikulua. Irlandan bezala, gurean ere kartzelak museo bihurtuko diren desioak ematen dio amaiera zurekin gogorarazi didan «Behe lainoa nahinora doa» izenburuko artikuluak.

Behe lainoari beldurrik ez izateko esan zenidan. Gidariak tentuz doazela eta goizaldeko hotzari eta bidaiek eragin ohi duten insomnioari probetxu atera behar niela. Furgonetako leihatiletan pilatutako lurrunean marrazkiak egin eta egunen batean leihatilako lurrun-marrazkiak bilduko dituen museoa eraikiko genuela zin egin zenidan.

Ene hatz baldarrekin hamaika marrazki akastun egin izan ditut. Badakizu ez naizela oso trebea eta gehienetan zenbakiak izan dira nire arte-lanak. Zugana iristeko falta ziren kilometroak marrazten nituen hasieran. Horrekin aspertuta, bidaian igaro beharreko herrien izenak idaztea otu zitzaidan, baina, ikasi orduko, lekualdatu zintuzten eta berriz ekin behar izan nion lur arrotzen izenak ikasteari. 40 zenbakia maiz idatzi izan dut, zurekin egon behar nintzen minutu horietan kontatu beharreko gauza denen zerrenda ez baita sartzen leihatila batean eta 86a marraztu nuen behin, urruti izanik zu bisitatzera joan ezin delako begirada tristea duen amonaren urtebetetze egunean.

Borgesek zioen, «gu gure memoria gara, irudi ezegonkorren museo kimerikoa gara». Gure memorian gordeko ditut lurrunean egindako zirriborroak eta Bilbon bilduko diren milaka lagunen irudia gure historiaren museoan ezarriko dute. Irudi ezegonkorra izango da, joango ez direnak hurrengo argazkira batu daitezen.