GARA > Idatzia > Kultura

Donostiako Piratek hasitako dokumentala amaitzeko diru laguntza eskatu diete herritarrei

Hamar urtetan jai herrikoien alde lanean aritu dira autogestioa baliatuz, baina orain dela bi urte hasi zuten filmari azken ukituak emateko herritarren laguntza eskatu du kolektiboak, «crowdfunding» kanpaina abiatuta.

p048_f02.jpg

N.B. | DONOSTIA

Donostiako Piratak mugimendua egiten ari den dokumentala amaitzeko laguntza bila ari da. Horretarako, crowdfunging kanpaina bat jarri du abian, nahi duenak ekarpena egin dezan. Diru laguntza jasotzeko egitasmoa atzo eguerdian jarri zuten martxan eta 40 egun izango dituzte behar dituzten 3.000 euroak jasotzeko.

Duela bi urte hasi ziren mugimenduko zenbait boluntario «Izan pirata» dokumentala egiten. Denbora guzti honetan ez dute laguntza ekonomikorik eskatu eta baliabideak autofinantziazioaren bidez lortu dituzte. Hala ere, proiektuaren azken txanpan laguntza hori ezinbestekoa dela ikusi dute eta hori lortzeko crowfunging kanpaina jarri dute martxan.

Donostiako Piratak jai herrikoi, euskaldun, parekide eta parte hartzaileen alde jardun dira hamar urtetan, milaka herritar lagun zituztela. Bizipen horiek -80ko hamarkadako portuko istiluetatik hasita, mugimendu herrikoiak lortutako arrakastan amaituz- bilduko dituzte ekoizpen prozesuan dagoen dokumentalean. «Gure txikitasunetik, denok harro egoteko moduko zerbait lortzen ari garela uste dugu», azaldu zuten Piratek igorritako prentsa ohar batean.

Behar dituzten 3.000 euroak lortuz gero, filma otsailerako amaituta izango dutela iragarri dute. Ondoren azpitituluak jartzeko denbora hartu beharko dute, baita material guztiarekin DVDa prestatzeko ere. Uste dute apirilerako amaituta izango dutela. Dokumentala euskaraz izango da, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko azpitituluekin, gutxienez. Euskarazko azpitituluak ere prestatuko dituzte. Hala ere, Piratek adierazi zuten euren lana munduan zehar ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, beste hizkuntzaren bat dakien norbait azpitituluak egiteko prest balego, laguntza hori estimatuko luketela.

Proiektua herritarren eskuetan jarri dute, beraz, www.verkami.com webgunearen bidez. Bilatzailean dokumentalaren izena, «Izan pirata», jarri behar da. Zazpi motatako ekarpen ekonomikoak egin ahal izango ditu jendeak, eta proiektua aurrera ateraz gero, bakoitzak sari bat izango du. Laguntzak 10 euro eta 500 euro artekoak izan daitezke. Ekarpen txikienaren truke laguntzaileak DVDa etxean jasoko du eta bere izena ikusiko du dokumentalaren kredituetan zein webgunean. Ekarpenik handiena, ordea, elkarteei zuzendurikoa da eta 40 DVD, 40 poster eta proiekzioa egiteko aukera eskaintzen dute Piratek horren truke.

PARTEKATU

Donostiako Piraten ideiekin bat datorrelako, DVDan bilduko duten material guztia «Creative Commons» lizentziarekin plazaratuko dute, beti ere autorea nor den aitortuta, edornork partekatu ahal izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo