GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Ibilbide motza du atez atekoari aurka egiteak; berekoia da»

p014_f01.jpg

Iñaki Petxarroman
Kazetaria

Lasarte-Orian 1976an sortua, jaioterrian korrespontsal lanetan aritu zen «Egin»-entzat, eta ondoren «Euskaldunon Egunkaria»-rentzat. Urteetan ingurumenari buruzko gaien jarraipena egin du, eta besteak beste, Gipuzkoako zaborren kudeaketaren auzia gertutik jarraitu du. Gaur egun «Berria»-ko zuzendariordea da eta hainbat liburu idatzi ditu; azkena, «Su haietatik ke hauek» (Txalaparta).

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Gaur egun Gipuzkoan pil-pilean dagoen eztabaida, zaborren kudeaketari buruzkoa, azken hiruzpalau urteetan ernatu da (batez ere), baina erraustegiaren hazia orain hamar urte landatu zen. Memoria selektiboa da ordea, eta horregatik, ahaztu nahi dituenak, edo askotan, gogoratu nahi ez dituenak, burmuinaren izkina batean gordetzen ditu. Hain zuzen, datu horiek eta fresko dauden beste asko jaso ditu Iñaki Petxarromanek «Su haietatik ke hauek» (Txalaparta) liburuan. Batetik, eztabaidaren garapena azalduz (politikarien «txaketa aldaketak» barne), eta, bestetik, har dezakeen norabidea marraztuz.

Liburuaren izenburuak gure arreta bereganatu zuen. Sua, egon den iskanbilaren metafora gisa erabili duzu?

Izenak alde ezberdinak ditu. Batetik, errauste plantak suarekin funtzionatzen du, eta kea sortzen du; eta bestetik, errauste plantaren ondorioz sortu den eztabaida guztian ke asko dagoela irudikatu dut. Denboraren jolasa dago. Gaur egun gauden bezala bagaude, momentu batean eztabaida handia sortu zuen egitasmo bat egon zelako da, Gipuzkoan ez zuena adostasuna lortu. Egun, badirudi jendea aztoratuta dagoela, baina gogoratu beharko genuke aurretik zenbat herritan egon diren protestak errauste plantarik ez zutelako nahi.

Erosotasunagatik gauza batzuk ahaztu egiten ditugu; besteak gorde. Beharrezkoa ikusi zenuen errepasoa egitea?

Jendeak jakin behar du zein izan den eztabaidaren ibilbidea, ez datorrela hutsetik. Adibidez, hainbat ordezkari politikoren adierazpenen hemerotekari begiratuta, ikusten da zenbat `txaketa aldaketa' egon diren. Hala ere, beste batzuek bere horretan jarraitu dute errauste plantari dagokionez. Horretan EAJri jarri behar zaio txapela. Besteren batek, ordea, alderdi sozialistak kasu, gorabehera handiak izan ditu. Atez atekoari buruz Euskal Herrira adituak ekarri zituztenak Denis Itxaso eta Odon Elorza izan ziren, gaur egun sistema hori deabruaren pare jartzen dutenak. Gauza horiek gogoraraztea interesgarria da.

Aipatu, liburua amaituta, atera duzun ondorioetako bat.

Ondorio asko daude, baina nagusia honakoa da: inork ez du erraustegia nahi. Herri mugimendua gai izan da, agintera iritsi diren hainbat alkate eta hautetsirekin batera, alternatiba bat martxan jartzeko. Hori horrela izan den neurrian, errauste plantaren aurkako borroka irabazteko aukera egon da, zeren mugimendu hau ezezkoan soilik tematu izan balitz ziur asko azpiegitura honen plana garatuagoa egongo litzateke. Gakoa aukera erreal bat proposatzea izan da.

Zergatik uste duzu Euskal Herriko beste lurraldeetan ez dela eztabaida hau sortu? Uste duzu iritsiko dela?

Iritsi iritsiko da, baina Gipuzkoaren kasuan, ziur asko, beste lurraldeetan izan ez diren elementuak batu dira. Bizkaian, esaterako, Zabalgarbi ireki zuten, Euskal Herriko lehenengo «errauste planta modernoa», nahiz eta jende asko aurka zegoen. Gipuzkoan, berriz, trabatu egin zen. Nafarroaren kasuan, lurraldearen zabaltasunagatik ez da halakorik izan, eta oraingoz zabortegiekin jokatzen dute, gutxi gorabehera Araban bezala.

Hala ere, esan bezala, Gipuzkoako mugimendua pixkanaka zabalduko dela uste dut.

Aipatzen duzu atez atekoaren aurkako mugimenduak triangelu politiko/ekonomiko/mediatikoaren laugarren hanka direla.

Triangelu huts horrekin funtzionatzera ohituta egon direnek ez dute nahikoa eduki, eta ikusi dute gai hau erabil dezaketela arerio politikoa gainditzeko. Horregatik hasi dira hainbat herritan jendea mobilizatzen. Badakit oso kezkatuta daudela Bergaran, Azpeitian, Zarautzen... baina iruditzen zait oso ibilbide laburreko mugimenduak direla, aldarrikatzen dutena oso berekoia delako, norberaren erosotasunean pentsatzeaz gain, besteentzat nahi dituztelako isuri toxikoak. Hori ez da inondik inora ez etikoa, ez onargarria. Askoz ere ibilbide luzeagoa du ondorengoentzat ere etorkizun bat aldarrikatzen duenak.

Bergarari nabaritzen zaio inoiz ez direla eurei errauste planta bat inposatzen saiatu. Prest egongo lirateke azpiegitura hartzeko?

Hamar urte pasatu dira Aldundiak Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko «bi edo hiru errauste planta» aurreikusi zituenetik. Hori ez da bete. Non ikusten duzu lurraldea hamar urte barru?

Nola birziklatu nahi dugu? Gipuzkoa eztabaida horretan egongo da murgilduta, ez birziklatu bai edo ez horretan, egin beharko delako eta kitto. Beraz, erraustegi eta zabortegien auziak gaindituta izango ditugu. Kezka, eta honenbestez eztabaida, gure baliabideak hobekien nola aprobetxatu ditzakegun izango da, eta, horretarako, birziklapena gakoa izango da.

 

aztoratzen

«Politikoki hainbat alderdi jendea aztoratu nahian dabiltza, baina aldi berean herritarren arduragabekeria ere badago. Zer nahi du jendeak?»

INORK EZ DU NAHI

«Inork ez du errauste planta bat nahi izan bere etxean. Egon izan balitz herririk hartu nahi zuenik, ziur asko dagoeneko han jarria zuketen»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo