GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikaren berdintasunak

Espainiar Estatuko CSICek (Centro Superior de Investigaciones Científicas), ez nahastu CESID tamalgarriarekin, Espainiaren osotasun eta batasunaren alde egin zituen astakeriak Euskal Herrian galantak izan ziren; egun, CNI izena du. Bada, CSIC bulegoak 2012an argitaratutako ikerlan batek dio, laburbilduz, abestien arteko gero eta antzekotasun handiagoa dagoela.

Musika berdintsua egiten omen da eta kantuen arteko melodien parekotasuna gero eta nabarmenagoa rock, pop, heavy, metal, punk, ska, elektronika, dance, folk, hip-hop eta reggaean. New Yorkeko Columbia Unibertsitateko musika funtsean dauden milioi bat abestietatik ia milioi erdia hartu ziren kontuan azterketa egiteko eta 1960tik aurrerakoak dira.

Garairik emankorrenak 60, 70 eta 80ko hamarkadak izan omen ziren, eta ordutik hona errepikapenaren errrepikapena izan omen da. Pentagrametan erabilitako noten aldaera gero eta murritzagoa dela eta ondorioz kantuen arteko diferentzia ahulagoa. Gauza bat kopiaketa da, edo plagioa. Horrelako asko izan da musikaren historian. Baina musikari edo talde esanguratsuen altzora, edo haiek lortutako ospearen bila -ikusita hor egon zitekeela popularitatearen giltza abestiak egiterakoan-, parekotasun izugarrizko talde berriak sortu ziren. Denok edo gehienek izarraren alboan egon nahi eta laudorioak jaso ere. Zenbat Benito Lertxundi agertu dira gure Euskal Herri txikian? Kantu baten balizko indarra neurtzeko ez dago abestia kaleratu aurretik galdeketa estatistikoa egitea entzuleen artean. Hainbat irrati-formulak erabili dute tresna hori. Ba omen doa desberdintasunaren kaltean, noski.