GARA > Idatzia > Kultura

Bilduk Arabako Aldundiari Artium finantzatzeko eskatu dio, Lakuak lan erregulazio espedientea baztertu ostean

GARA | GASTEIZ

Gasteizko Artium museoaren jarduera normaltasunera itzultzeko behar besteko diru laguntza emateko eskatu zion atzo Bilduk Arabako Foru Aldundiari.

Lakuako Enplegu Sailak Artium Fundazioak aurkeztutako lan erregulazio espedientea baztertu izana da horren arrazoia, agerian uzten duelako eskumen hori ez dagokiola berari, Aldundiari baizik. Horrek, ostera, ez du esan nahi lan espedientea bertan behera geldituko denik, Artiumeko Batzorde Betearazleak helegitea aurkezteko aukera baitu.

Espedientea aurrera aterako balitz, egun lanean dauden 26 pertsonetatik hiru kaleratuak izango lirateke, beste zortzi lanaldi erdian arituko lirateke eta gainerakoei soldata murriztuko liekete.

Artium museoak azaldutakoaren arabera, Batzorde Betearazleak, aurrekontuetan %25eko murrizketa izango zela ohartu zenean, jardueraren jarraikortasuna ziurtatzen zuen plana onartu zuen 2013rako. Plan horren baitan, langileei zuzenean eragiten zien neurriez aparte, programazioan ere eragina izango duten neurriak onartu ziren.

Gasteizko Gobernuak Artium Fundazioak aurrera eraman nahi duen espedientea aztertzeari uko egin dio, Batzorde Betearazlea osatzen duen babesle nagusiari aurre eginez, Arabako Foru Aldundiari, alegia. Bilduren iritziz, Lakua erabaki horren kontra agertuz argi uzten ari da Artiumeko erantzukizuna Aldundiarena dela. Horregatik, Bilduren esanetan, Aldundiak finantzaketa eman behar dio museoari erakusketak eta ekintza hezigarriak presta ditzan.

Arabako Batzar Nagusietako Bilduko bozeramaile Lorena Lopez de Lacallek adierazi zuenaren arabera, Aldundiak laguntza ekonomikoa %10,4an gutxitzen badu, museoaren bizitza arrisku larrian jarriko du. Lakuak onartutako mozioak museoaren funtzionamendu egokia eta biziraupena bermatzeko behar adinako sostengua eman behar duela exijitzen dio Aldundiari.

Era berean, Bilduko ordezkariak Artium Fundazioari ezohiko bilera bat egin dezan eskatu zion, espedientearen inguruan hartu beharreko neurriak eztabaidatu ditzaten. Horretaz gain, aurrekontu guztiak bueltatzeko eskatu die babesleei, obrak erosten jarraitu ahal izateko eta museoaren ondarea handiagoa izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo