GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

ZESTA-PUNTA

Manu Ladutxe lapurtarra izan da Miamin kiniela gehien irabazi dituen atzelaria

p041_f02.jpg

GARA | MIAMI

Manu Ladutxe lapurtarra izan da Miamiko pilotalekuan, amaitu berri den udako denboraldian, kiniela gehien irabazi dituen atzelaria. Ahetzen jaiotako puntistak aurrea hartu die Eric Irastorzari eta Imanol Lopezi, koadroko bi izar handiei, sailkapen horretan, nahiz eta argi utzi behar den beste biek Ladutxek baino kiniela gutxiago jokatu dituztela, denboraldia beranduago hasi zutelako.

«Egia esan, oso pozik nago lortutakoarekin, beti izaten delako polita horrelako sari bat irabaztea, are gehiago Miamin goi mailako pilotariak dauzkagula kontuan izanda. Horrexegatik ez nuen espero garaipen hau denboraldi hasieran», onartu du atzelariak.
Bidarteko eta Donibane Lohizuneko pilota eskoletan ikasia, Ladutxek 2005eko abuztuan egin zuen debuta Miamiko pilotalekuan. Pare bat urte behar izan zituen izar handienekin jokatzen hasteko, baina orduz geroztik punta-puntan dabil eta, 26 urterekin, datozen urteetan zeresan handia eman dezake.

«Pilotari klasikoa naizela esango nuke, kantxan kolokazio ona duena eta errebesez ongi moldatzen dena. Eskuinez hobetzen saiatu behar dut, jokoa apur bat aldatu eta gehiagotan sartzeko», azaldu dio Jai Alai News-i lapurtarrak, Irastorza eta Lopez oraindik ere besteen gainetik daudela argi utziz.

«Irastorza eta Lopez munduko bi atzelari onenak dira, nire ustez, alde handiarekin, baina Miamin badira maila handiko beste hainbat ere. Giro aparta daukagu gure artean, baina era berean lehia oso gogorra izaten da kantxara irtendakoan», gaineratu du Ladutxek.
Azkenik, Ahetzeko pilotariak orain gutxi hil zen Christophe Girard pilotariari eskaini nahi izan dio saria, laguna izateaz gain, bost urtean pisukideak ere izan zirelako Miamin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo