GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa Jaialdia

Abadiñok eraman du urteko lehen txapela

Bizkaitarrek aparteko eragozpenik gabe jantzi dute 680 kiloko txapela, jokatutako saio guztiak irabazita. Ibarrak eta Zuraidek osatu dute podiuma.

Jon LEUNDA

Abadiñok jantzi du denboraldiko lehen txapela, atzo jaun eta jabe izan baitzen 680 kiloko finalean. Zazpi talde bakarrik zirenez, dena egun batean jokatzea erabakita zegoen, eta horrelaxe egin zuten. Berdeek garbi utzi zuten txapel guztiak janzteko faboritoak direla.

Abadiño izan zen jaun eta jabe, eta jokatu zituen tiraldi guztiak irabazi egin zituen. Ibarra izan zen estutu zuen talde bakarra, baina hura ere gainditu egin zuen, eta, hala, amaieran txapela buruan amaitu zuen urteko lehen jardunaldia Abadiñok.

Ibarra sailkatu zen bigarren postuan. Moreak dira lehiaketa honetan arituko diren gipuzkoar bakarrak, eta oso lan ona egin zuten, amaieran bigarren postua eskuratu baitzuten. Abadiñorekin galdu egin zuten, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten, eta amaieran podiumeko bigarren postuan amaitzeko modua egin zuten.

Hirugarren postuan Zuraidek amaitu zuen. Lapurtarrek lan asko egin behar izan zuten hirugarren postu horri eusteko, baina lortu zuten, eta amaieran zilarrezko domina lortzeko modua egin zuten.

Lapurtarren atzetik Murueta sailkatu zen. Lehen aldiz ari da aurten txapelketan, baina oso lan ona egin zuen. Hirugarren postua ere ez zuen izan oso aparte, baina laugarrengoarekin konformatu behar izan zuen.

Agian ezustea Sokarrik eman zuen. Beraiez askoz ere gehiago espero zen, baina bosgarren postuan amaitu zuten. Garbi dago gainerako pisuetan zerbait egin nahi baldin badute atzoko jarduna hobetu beharra daukatela. Beraien atzetik Iparralde sailkatu zen. Urdulizko taldea lehen aritutakoa da, baina aspaldiko urteetan lehiaketatik at ibili da, eta aurten itzuli da txapelketa ofizialetara.

Azkena, berriz, 6 Conceyos sailkatu zen. Asturiasko taldeak, egiten duenarekin bakarrik ere, ez dauka meritu makala, baina garbi dago euskal taldeetatik oso aparte jarraitzen duela. Atzo ere jokatutako tiraldi guztiak galdu egin zituen, eta azken postuarekin konformatu behar izan zuen. Hala ere, lanean jarraituko dute asturiarrek.

Berdinketa

Emakumezkoak 540 kilokoan neurtu ziren, eta ez zen ezusterik izan, Badaiotzek eta Ibarrak sekulako ikuskizuna eskaini baitzuten; amaieran berdinduta amaitu zuten. Bai arabarrek bai gipuzkoarrek Bizindar talde arabarra mendean hartu zuten, baina bien artean berdinduta amaitu zuten.

Hiru taldek bakarrik eman dute izena, eta hiru jardunaldiko ligaxka egingo dute, eta ez da emoziorik faltako azkeneko saiora arte, eta seguruenik ere hantxe erabakiko da dena, garbi baitago bien artean ez dagoela batere alderik. Bizindarrek, berriz, jokatutako bi saioak galdu zituen, eta azkena geratu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo