GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate Alternatibako Mahai Internazionalista

Sahara, ahanzturaren aurka, memoria

Dokumentu honek balio handia du, Marokoren eta Sahararen arteko gatazka konpondu gabeko deskolonizazio prozesuetako bat dela aitortzen duelako

Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, EHUko Hegoa Institutuak eta Euskal Fondoak «Memoriaren Oasia» aurkeztu zuten Donostian. Txosten honetan, azken urte eta erdian bildutako datu eta testigantzak jasotzen dira, ia lau hamarkadatan Marokoko Erreinuak herri sahararraren aurka gauzatutako indarkeria sistematikoaren inguruan.

Dokumentua hiru oinarrizko ardatzen inguruan landu da: Lehena, txostenak berak kontuan hartzen duen denbora tartea da; hain zuzen, 1976ko Um Dreigako bonbardaketatik hasita -momentu hartan basamortutik ihes egindako biztanleek Aljeriara ihes egin behar izan zuten betiko- eta 2010eko azaroan gertatutako Gdem Izikeko bonbardaketara bitartean. Ondorioz, ibilbide historiko osoa aztertzen du, orain arte inork egin izan ez duen bezala.

Azpimarratu beharreko bigarren alderdia, bai Aljeriako kanpamentuetan zein okupatutako Mendebaldeko Saharan bizi den egoera latzean jasotako testigantza kopurua -260tik gora- eta kalitatea da. Kopuru handi honek Marokok eragindako giza eskubideen zapalkuntza anitzen berri eman du. Hala, txostenean bonbardaketak, hilketak, torturak, sexu indarkeria, lapurretak, derrigortutako desplazamenduak, atxiloketa bidegabeak, eta abar salatzen dira.

Zentzu honetan, zilegitasun osoz dagozkien justizia eta autodeterminazio eskubideak zapuzteko asmoz, Marokoren asmoa Saharako gizon eta ema- kumeen aurka ahalik eta indarkeria bortitzena erabiltzea dela argitzen da. Estrategia hori, hein batean aldatu bada ere, eta 1991ko su-etena gertatuta ere, oraindik ere indarrean dagoela zehazten da.

Azkenik, hirugarren oinarrizko ardatzari dagokionez, «Memoriaren Oasia» dokumentua nazioarteko estandarren arabera landuta dago eta, beraz, tresna politiko eta juridiko moduan erabil daiteke eta erabili behar da, guztiok zekiten baina sistematizatzeke zegoen zerbait salatzeko, baita ahaztuta zirudien gatazka hau nazioarteko agendaren erdigunean kokatzeko, egun okupatzen duen eremu ahaztu eta konplize horretatik ateratzeko, alegia.

Eta hala da, dokumentu honek balio handia du, Maroko eta Sahararen arteko gatazka, konpondu gabeko deskolonizazio prozesuetako bat dela -Palestinakoa bezala, adibidez- aitortzen duelako. Era berean, «Memoriaren Oasia» txostenak indarkeriaren erabilera sistematikoa egiaztatzen du, inolako zigorrik jaso gabe, eta delitua egiten dutenen eta biktimen arteko botere desoreka ikaragarrian oinarrituta.

Horrela, eta txostenak aurkeztutako frogak ikusita, zigorgabetasun hau onartzen duten estatu eta estamentuek, beren erantzukizun historikoa bere gain hartzen ez dutenek, aurpegia eman beharko dute.

Zer esango du Espainiako Erresumak duela 37 urte laga zuen herriak Marokok pairarazten dion indarkeria egiaztatzean, sahararren baliabide naturalen egarri den estatu boteretsu baten aurrean? Lehen indar kolonizatzaile moduan, ez al luke bere erantzukizuna onartu eta zilegi diren sahararren helburuei konponbide demokratiko bat eskaini behar?

Zer esango dute Frantziak eta Estatu Batuek, Marokoren aliatu historikoek, txostenak aurkeztutako frogei buruz? Dokumentuaren arabera, desagertutakoen biztanle tasa beste edozein gatazkarena baino handiagoa da -1.000ko 2tik gora-, eta izugarrikeria mota berriak asmatu izan dira, adibidez 15 urte baino luzaroago desagertu diren atxilotuak. Zer esango du nazioarteak, oro har, txosten honek islatzen duen irudiaren aurrean?

Irtenbide demokratiko baten garaia heldu da. Gatazkaren irtenbidean nazioarteko komunitateak irmoki parte hartzeko garaia da. Egindako kaltea onar- tzeko garaia da. Egiaren, justiziaren eta ordainaren garaia da. Biktimen duintasunaren garaia da. Eta batez ere, inoiz amore eman ez duen herri borrokalari baten duintasunaren garaia heldu da. Autodeterminazioa Sahararentzat, orain!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo