GARA > Idatzia > Euskal Herria

Wert-en hezkuntza legeari erantzun bateratua ematera deitu dute sindikatuek

Hezkuntza arloko gehiengo sindikalak, ELA, LAB eta STEE-EILASek, «erasoaren araberako erantzuna» ematera deitu du, eta martxoaren 2an protesta bateratua egiteko asmoa iragarri du, beste eragileekin adostuz.

p018_f01.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Hezkuntza arloko gehiengo sindikalak (ELA, LAB, STEE-EILAS), gogor kritikatu zuen atzo Wert espainiar ministroak hezkuntzarako proposatutako LOMCE aurreproiektua. Sindikatuek «hezkuntza komunitatearen kontrako eraso larritzat» jo zuten lege berria, eta «erasoaren adinako erantzuna ematera» deitu zuten. Horretarako, harremanetan jarriko dira hezkuntza arloko eragile anitzekin, haiekin batera martxoaren 2an protesta ekintza bateratua burutzeko, nahiz eta formatua oraindik ez duten zehaztu.

Hiru sindikatuetako kideek oso gogor jo zuten Madrileko aurreproiektuaren aurka. Xabier Irastorzak (ELA) eta Espe Iriartek (LAB) adierazi zutenez, lege berri honen helburua «estatuaren birzentralizazioa eta Euskal Herrian gure hezkuntza erabakitzeko orduan erabateko muga inposatzea» da, horretarako curriculum propioa mugatuz (orain arte, honen %55 erabakitzen zuen Madrilek, eta orain portzentaje horrek gora egingo du), edota ebaluazio sistemak zentralizatuz.

Hezkuntzaz harago, hizkuntzaren beraren kontrako erasoa dela ohartarazi zuten sindikatuek: «Euskararen kontrako eraso zuzena suposatzen du. Gure hizkuntza bigarren mailako hizkuntza izatera pasatuko da, eta hezkuntza sistemak ez du bere ezagutza eta erabilera inola bermatuko, azken urteetako pausoak guztiz baliogabetuz».

«Merkatuen zerbitzura»

Lege berri honen arabera hezkuntzak izango duen izaera, filosofia ere salatu zuten Irastorzak eta Iriartek. Haien ustetan, erreformak «hezkuntzaren merkantilizazioa» ekarriko du, «pertsonaren garapena guztiz perbertitzen duelako». Horren adibide izango lirateke DBHn sartutako zenbait aldaketa, hezkuntza ibilbideen aukeraketa aurreratzea edo hautazko ikasgaien orduak gutxitzea.

Ondorio kaltegarri horiez gain, testu berriak helburutzat duen «uniformizazioaz» ere mintzatu ziren. ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuen aburuz, aurreproiektuak «espainolizazioa eta baliorik atzerakoienak oinarritzat hartuz doktrinamendu ideologiko, politiko eta erlijiosorako bidea irekitzen du, hezkuntza segregatzaile eta klasista bultzatuz».

Werten proiektuari aurre egiteko, erantzun bateratua ematen ahaleginduko da gehiengo sindikala, zabala, anitza. Horretarako, hezkuntza arloko eragile anitzekin batzar erronda martxan jarri du, iritziak batzeko eta estrategiak finkatzeko. Sindikatuek iragarri zutenez, elkarlan horren azken helburua martxoaren 2an ekintza bateratua egitea izango litzateke. Formatua oraindik adosteke dagoen arren, litekeena da manifestazioa antolatzea. Bestelako sindikatuek (CCOO, UGT) eta alderdi politikoek protesta horrekin bat egitea espero dute hezkuntzako hiru sindikatu nagusiek.

CCOO sindikatuak batasun sindikal horren «beharra» azpimarratu zuen, komunikabideei bidalitako agirian. Sindikatu espainiarraren ustetan, LOMCEri aurre egiten dioten indarrek «irmotasuna» izatea «funtsezkoa da Madriletik datorren proiektu atzerakoia gelditzeko».

bateratua

Gehiengo sindikalak martxoaren 2rako protesta bateratua iragarri zuen, nahiz eta formatua oraindik definitu ez. Horretarako, hezkuntzako beste eragileekin bat egitea espero dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo