GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baretzera egin du, baina Nafarroa hegoaldera igaro da uholde arriskua

Asteartearen aldean, bareagoa izan zen atzoko eguna. Baina argi gorriek piztuta jarraitu zuten, euria barra-barra egin baitzuen, bereziki arratsaldean. Azpeitiko baserri baten lehendabiziko solairua lurpean gelditu zen luizi baten ondorioz. Gaur euri gutxi eginen duela iragarri dute; hotz handia eginen du, ordea, eta izotz beltzaren arriskuaz ohartarazi dute -ikusezina izaten da-. Nafarroako Gobernuak hemeretzi makina ditu prest elurteari aurre egiteko.

p016_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Luiziak harrapatu zuen Urrestillako Zuola Berri baserria. Bertako sei bizilagunak onik daude, baina ez zuten aukerarik izan etxetik deus ateratzeko eta kalte material handiak jasan dituzte. Uztarria Azpeitiko atariak jakinarazi zuenez, atzo goizaldeko hiruretan, lur-jausia handitzen ari zela ohartuta, erabaki zuten autoak hartu eta senide baten etxera joatea. Abiatu zirenean, goitik luizi handia zetorrela konturatu ziren eta ordutik, pixkanaka-pixkanaka, lurperatzen joan zen baserria, lehendabiziko solairua estalita gelditzeraino.

Inguruko bizilagunek adierazi zutenez, 06.00etan oraindik Zuola eta Zuola Berri etxeen artean ibil zitekeen, baina 10.00etarako azken honen lehen pisua lurpean zegoen eta oraindik mugitzen ari zela sumatzen zen. 09.00 aldera etxe zaharreko aterpea ere lur azpian gelditu zen eta kalera atera behar izan zituzten bertan zeuden ardiak. Familiak azaldu zuenez, etxe hau animaliak, barazkiak eta aldatzeko arropak gordetzeko erabiltzen zuten eta Zuola Berrin bizi ziren. Sei lagun guztira, solairu batean gurasoak alaba batekin eta bertzean, alabetako bat senarra eta hiru hilabeteko umearekin.

Bertze bi etxebizitza ere hustu behar izan zituzten, Irunen, euri jasak horma baten zatia bota baitzuen. Zaisa 3 industrialdeko sarreran gertatu zen, Behobia auzoan. Bertako zirkulazioa eteteaz gain, etxeak hutsarazi zituzten prebentzio neurri gisa, terrazetan zartadurak agertu zirelako.

Astearteko ikararen ondoren, Gipuzkoako hiriburuan Urumearen maila ohiko neurrien barrenean egon zen atzo egun osoan. 18.00etako krisi mahaiaren bileraren ondotik, «egoera lasaia» dela azaldu zuten. Une horretan ibaiaren maila 2,1 metrokoa zen Txominen eta 2,8koa Martutenen, arrisku egoeratik urrun. Hala ere, udal zerbitzuek adi jarraitu zuten.

Arga, sekulako emariarekin

Nafarroan, iparraldean eta Iruñeko Merindadean egoerak hobera egin bazuen ere, ibaiek gainezka egiteko arriskua herrialdearen erdialdera eta hegoaldera pasatu zen. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak alerta ezarri zuen Ega, Ebro eta Arga ibaien inguruan. Azken hori hamar urteotako mailarik handienera iritsi zen. Adibidez, erdialdeko zatian, Etxaurin, segundoko 1.000 metro kubikoko emaria zuen. Hazkunde honek Funes harrapatu zuen arratsaldeko lehenengo orduan. Ibaiak gainezka egin zuen herri honetan eta kale eta parke batzuk urpean gelditu ziren. Iruñean, segundoko 437 metro kubiko ere erregistratu zituzten, baina, «ibaiaren zati honetan dauden babesengatik» ez zen kalte handirik izan, konfederazioak argitu zuenez.

Argaren emari honek, Egaren eta Aragoirenekin batera, Ebro handitzea eraginen zuela aurreikusten zuten. Castejonen espero zuten Ebrok goia jotzea, arratsaldeko azken orduan, 1.800 metro kubikora ailegatuz.

Prebentzio gisa, Funesko beheko aldean dauden eskola publikoa eta 0 eta 3 urte arteko umeen zentroa itxi zituzten. Eta Iruñeko IES Padre Moret-Irubide ikastetxeko klaseak ere bertan behera gelditu ziren bezperako euriteak eragindako matxurengatik.

Tuteran, Udaltzaingoak Prado pasealekuan aparkatutako autoak kentzeko abisua eman zuen Ebrok gainezka egiteko arriskua zegoelako. Alde horretan dauden etxabeen jabeei ere jakinarazi zieten egoera. 14.30 aldera gora zihoazen urak, nahiz eta oraindik gainezka ez egin Erriberako hiriburuan. Emaririk handiena 22.00etan espero zen.

Sakanan, matxura gertatu zen asteartean Urdalur urtegiaren horniketan eta atzo goizean zisternen bidez aritu ziren ur edangarria banatzen. Bertze matxura bat gertatu zen Iribaseko iturburuko sarean eta itxi egin zituzten Irurtzun eta Arakilgo deposituak. Halere, herrietan ez zen ur mozketarik izan.

Iparraldea, alerta laranjan

Pirinio Atlantikoetako Departamendua alerta gorrian egon zen asteartean elur-jausi arriskuarengatik, baina atzo egoera hobetu egin zen. Hala ere, elurte handia izan zenez, bide batzuk itxi zituzten Pirinioetako bailaretan eta Iratiko txaletak argirik gabe egon ziren. Errobi, Urdazuri eta Aturriko urak jaisten joan ziren, baina gauerako oraindik euri zaparrada ugariak aurreikusten zirenez (batez ere Ipar Euskal Herrian, mendi eremuetan), urak berriro goraka eginen zuela jakinarazi zuten. Hortaz, alerta laranja maila mantentzen zen.

Zadorraren sistemaren jarraipenerako erakunde arteko mahaia Uraren Euskal Agentziaren egoitzan bildu zen. Azken egunetako egoera eta hurrengoetarako iragarpen meteorologiko eta hidrologiko eskasak aztertu ondoren, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari Ulibarriko urtegia zabaltzeko proposamena egin zioten eta hark neurria onartu zuen, itsasoaren mailatik gora 544,6 metrora iritsi ondotik. Iberdrolak Ulibarriko ateak ireki zituen, segundoko 45 metro kubikora ailegatu arte.

Bizkaian, Gobela ibaia izan zen arretagune nagusia. Getxoko Udalak krisi mahaia bertan behera utzi zuen, Larrialdi Plana O mailan, prebentzio operatiboarekin, indarrean mantenduz. URAk ibaiaren inguruetan egindako lanek emaitzak eman dituztela adierazi zuen. «Horiek gabe, argi eta garbi Getxon uholdeak edukiko genituzkeen, eta hori denok baloratu behar dugu». Are gehiago: «Errealitate horrek Errekaganen egin beharreko Gobela proiektuaren hirugarren fasea aurrera eramateko konfiantza eta segurtasun handiagoa ematen digu, Fadurako zubiari lotutako fasean aurrera egiteko beharra ahaztu gabe».

Euskal Herri osoko garraioan traba ugari eragin zituen ekaitzak. Adibidez, Santa Graziko RD441 bideak itxia jarraitzen zuen. Bidaxune eta Eskiulako errepideetan ere zailtasun handiak zeuden. Sestaon, harkaitz handi bat erori zen farola baten gainera eta errepidea itxita egon zen. Zarautz eta Zumaia arteko bidea ere itxia egon zen luizi batengatik.

ibaien emariak

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, Arga ibaiak, Funes parean, 5,42 metroko altuera eta segundoko 910,34 metro kubikoko emaria zuen 20.30ean. Ebrok, 6, 57 metro eta 1.656,92 metro kubiko markatzen zuen Castejonen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo