GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ekaitz Telleria, Txaber Zabaleta, Egoitz Balerdi (*) Hernani

Denok Bulera!

Estatuaren immobilismoarekin amaitu nahi badugu behar-beharrezkoa dugu herri harresi bat sortzea

Eleak Eskubide Zibil eta Politikoen Aldeko Mugimenduak manifestazioa deitu du biharko Donostian. Arrazoi ugari daude manifestazio hau eta ondoren etorriko den mobilizazio kate luzea deitzeko, baina bi azpimarratuko genituzke: bata, Euskal Herriaren askapen prozesuan borrokan aritu diren gazte auzipetuei elkartasuna adieraztea eta bestea estatuek darabilten errepresio eta immobilismo jarrera zital eta interesatua salatzea.

Asko eta asko dira gure herriaren defentsan lan politikoa egiteagatik, atxilotuak, torturatuak espetxeratuak eta epaituak izan diren, izaten ari diren eta izango diren gazteak. Adibide ugari jar ditzakegu zoritxarrez, errealitate honen isla diren hamarnaka eta hamarnaka kasu, pertsonalak zein kolektiboak: Markina Xemeineko sarekada, Donostiakoa, Oreretakoa, Hernanikoa, Iruñekoa, Gasteizkoa, Euskal Herri osoan zehar egin diren bi makrosarekadak... Guztira ehundik gora dira errealitate anker hau pairatu duten gazteak eta ehunka, berau sufritu behar izan duten senide zein lagunak. Prozedura batzuk amaituta daude jada, batzuetan emaitza «positiboekin», besteetan espetxe zigorrekin ordea, Markinako gazteak kasu.

Euskal Herrian prozesu demokratiko bat martxan jartzeko lehen pausoak eman diren honetan, indar metaketa errealitate bat den garai honetan, badirudi estatuen aldetik ez dagoela inongo intentziorik aro berri honi heldutasunez eutsi eta pausoak emateko. Gazteen aurkako errepresio estrategiak bere horretan dirau. Egia bada ere atxiloketak eten direla, ez da berdina gertatzen bere garaian hasitako prozedurekin. Prozedura hauek aurrera jarraitzen dute eta ez dirudi eteteko itxura daukatenik. Duela hilabete eskas jaso genuen notizia: Oreretako 5 gaztek 6 urte eta erdiko espetxe zigorra bete beharko dute Madrileko Auzitegi Gorenaren aginduz. Horietako hiruk ezkutatzea erabaki dute, beraien egoera agerian utzi eta lan politikoarekin jarraitzeko. Data berberetan jakin dugu Ekaitz Ibero Donostiarra ere kartzelatzeko dataren zain dagoela kale eraso bategatik kondenatuta. Argi geratu da Hernaniko kasuak ez diola estatuaren estrategia bati erantzuten, baizik espainiar auzitegiak diren loteria makabro horren adibide bat besterik ez dela. Oso argi utzi nahi izan digute beraiek ez dutela ezer egiteko asmorik, estrategia errepresiboa ez dutela aldatu eta ez dutela aldatzeko asmorik.

Estatuaren immobilismoarekin amaitu nahi badugu, behar- beharrezkoa dugu herri harresi bat sortzea. Guzti hau salatu eta prozesu demokratiko baten alde oihu egingo duen herri harresi bat. Errepresioak ez duela tokirik argi utzi behar diegu, gure eskubideak aldarrikatzen eta defendatzen jarraituko dugula argi utzi behar diegu, kaleak gureak direla argi utzi behar diegu, gaztea, ezkertiarra eta abertzalea izatea ez dela delitua argi utzi behar diegu, euskal gazteriarekin ez dutela inoiz amaituko argi utzi behar diegu.

Animo eta besarkada beroenak errepresioa sufritzen ari diren gazte guztiei! Eutsi gaztiak!

Bihar, 12.30ean, denok Bulera!

(*) Artikulua honako lagun hauek ere sinatzen dute: Mikel Garcia, Antton Zabala, Ekhi Oñate, Axier Olano, Jon Ezeiza, Iñigo Alzelai eta Aitzol Arrieta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo