GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Urrezko lehiaketa

Gazteak beteranoei aurre hartzen hasita daude

Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak, A multzoan, eta Jon Rekondok eta Iñaki Azurmendik, B multzoan, lortu zituzten finalerdiak jokatzeko azkeneko bi txartelak, atzo Donezteben jokatutako saioetan.

p042_f01_199x120.jpg

Jon LEUNDA

Rekondok eta Azurmendik, eta Atutxak eta Mugertza II.ak lortu zituzten Urrezko Aizkorako finalerdiak jokatzeko azkeneko txartelak. Erasun zen aritzekoa Rekondorekin, baina nafarra ez zen erabat osatuta ikusten, eta azken orduan, Azurmendik ordezkatu zuen. Finalerdietan zer gertatuko den ikusgai dago. Ander Erasun osatzen bada, bera arituko da, bestela Azurmendik jarraituko omen du.

Bi neurketetan lan bera izan zuten egiteko. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren. Ondoren, bi 45 ontzako erlojuz kontra erdibitu behar izan zituzten, bikote bakoitzeko kideek bana. Hirugarren lanean, kana-erdiko bat zutik jarrita moztu behar izan zuten. Laugarrengoan, abiadurako proba izan zuten 60 ontzakoarekin. Ondoren, zutik jarrita 45 ontzakoa moztu behar izan zuten, eta ondoren kana-erdikoa etzanda jarrita. Azkenik, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten.

A multzoko azken neurketan, Atutxa II.a eta Mugertza II.a ziren irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin, erraz hartu baitzituzten mendean Lopez eta Senosiain I.a. Hala ere, lehen proba azken hauek irabazi zuten enborra 35 kolpetan erdibituta, baten aldea kenduz. Bigarren lanean, ordea, bi gazteek irauli egin zuten proba, eta aurretik jarri ziren, bi 45 ontzakoak bi minutu eta 3 segundoan amaituz, eta aurkariei 15 segundoko tartea zabalduz.

Azkar erabaki zuten

Laugarren lanean, 2.10 izan zen Mugertzaren eta Atutxaren denbora eta 2.42, berriz, bi nafarrena. Abiadura proban bizkaitarrak eta gipuzkoarrak beste 13 segundoko tartea zabaldu zuten, eta inork zalantzarik baldin bazuen, zutik eta etzandako lanean dena erabakita utzi zuten. 3.25 izan zen beraien denbora eta 4.20 bi beteranoena. Iraupen proba, berriz, 11 minutu eta 10 segundoan burutu zuten Atutxak eta Mugertzak eta 12 minutu eta 8 segundoan Lopezek eta Senosiainek. Lan guztiak burutzen, 21 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten Atutxak eta Mugertzak eta 24 minutu eta 35 segundo Juanjo Lopezek eta Antonio Senosiainek. Finalerdietan Otaegiren eta Otañoren aurka neurtuko dira.

Rekondok eta Azurmendik lan gehiago izan zuten Olasagasti eta Larretxea mendean hartzeko. Kolpekakoa bi beteranoek irabazi zuten, enborra 40 kolpetan erdibitu eta biren aldea kendu zieten. Bigarren lanean, aldea gehitu egin zuten, 1.56 izan baitzen beraien denbora, eta 2.08 Rekondorena eta Azurmendirena. Hirugarren ekinaldian, ordea, emaitzari buelta eman zioten Azurmendik eta Rekondok zutikako lana minutu eta 43 segundoan amaitu baitzuten, eta 30 segundo kendu zizkieten bi beteranoei.

60 ontzakoarekin, alde hori gehitu egin zuten. Minutu eta 56 segundo behar izan zituzten, eta 2.18 beteranoek. Hala ere, azken-aurreko enborrean, aldea murriztu egin zuten Joxemari Olasagastik eta Donato Larretxeak beraiek irabazi baitzuten proba mistoa, aurka zuten aldea 13 segundoan murriztuz.

Iraupen proban, ordea, gauzak bere lekuan jarri ziren. 9.30 izan zen Rekondoren eta Azurmendiren denbora eta 10 minutu eta 3 segundo Larretxearena eta Olasagastirena. Lan guztiak burutzeko, 18 minutu eta 40 segundo behar izan zituzten Jon Rekondok eta Iñaki Azurmendik, eta 19 minutu eta 29 segundo, berriz, Joxemari Olasagastik eta Donato Larretxeak. Finalerdietan Nazabalen eta Zubiagaren aurka neurtu beharko dute.

zalantza

Ander Erasun ez zen osatu atzoko saiorako, eta beraren ordez aritu zen Iñaki Azurmendi. Nafar gaztea osatzen bada, berak jokatuko ditu finalerdiak, bestela gipuzkoarrak jarraituko omen du.

Beteranoak

Lopezek eta Senosiain I.ak eta Olasagastik eta Larretxeak osatutako bikoteak ziren lehiaketako beteranoenak, eta bietako inork ez du lortu finalerdietarako txartela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo