GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eskandalu aurkeztezina nola aurkeztu ikuskizun

Behinola Nafarroako diru pribatuaren %43 kudeatzen zuen aurrezki kutxa boteretsua Banca Civican aurrenik eta gero CaixaBanken urtuta desagertu da. Bidean azpijoko sekretuak, neurriz kanpoko dietak, ustelkeria kasuak eta mota guztietako eskandaluak izan dira... funtsean, hiru urte eskasetan 1.000 milioi euro baino gehiagoko balio galtze baten baitan. Zabarkeria zabarkeriaren gainean, inoizko lapurreta handiena Nafarroan, hainbeste zigortzen ari diren herritarrei iseka egite itxuragabea. Aurrezki kutxaren bide beretik Nafarroa gobernatu nahi dutenengatik balitz, dena normala zatekeen, ezer ere gertatu ez balitz moduan segituko zuketen, eskrupulurik gabe, ardurak hartzeko edo dimisioak aurkezteko inongo asmorik gabe. Zorionez, baina, herri dinamika bizia eta salaketa publiko andana dabil Nafarroan, eta legebiltzarra ez da itsua eta gorra izango errealitate horren aurrean. Barcina lehendakaria, Goñi CANeko zuzendari ohia eta Kontuz herri ekimenak agerraldiak egingo dituzte alimaleko iruzur honen berri emateko.

UPNk eta PPk ez dute Kontuz betatzea lortu. Bai ordea, PSNren laguntza interesatuarekin, Barcinak eta Goñik egia, eta bakarrik egia osoa esateko obligaziorik ez izatea. Haien hitzetan, «aurrejuzguak» ekiditeko. Agerraldia da, hortaz, ez ikerketa batzordea. Narraskeria aurkeztezina, nola aurkeztuko den ikuskizun dago, baina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo