GARA > Idatzia > Euskal Herria

2008an Bolonia planaren aurka ekiteagatik 13 ikasle epaituko dituzte

GARA | BILBO

Bolonia planaren aurka aritzeagatik bihar hamahiru ikasle epaituko dituztela salatu du Ikasle Abertzaleak (IA) taldeak. Lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri nahi diete, 2008an izandako desordena publikoa leporatuta.

Epaiketa hori eteteko exijitu du IAk, eta bide batez EHUri eskatu diote «kamerak kentzeko, campuseko segurtasunetik indar pribatuak kentzeko eta Rodolfo Aresek zuzentzen zuen Barne Sailarekin unibertsitaterako egindako akordio errepresiboa bertan behera uzteko».

«Unibertsitatean, jakituria eta eztabaidagune nagusiaren egoitzan, eskubidea zibil eta politikoak errespetatzeko exijitzen dugu», gaineratu du IAk.

EHUk bere jarrera argitzeko ere eskatzen dute: «Bera da epaiketa honen erantzule nagusia, izan ere, gertakarien egunean gaur egungo errektore Iñaki Goirizelaia zen EHUko Bizkaiko errektoreordea. Berak baimendu zuen Ertzaintza campusean sartzea eta ikasleen kontra oldartzea».

«Bagenioen 2008an eta berriz diogu: krisi ekonomikoaren aitzakiapean oinarrizko herri zerbitzuak pribatizatu nahi dituzte, baita hezkuntza ere», nabarmendu du Ikasle Abertzaleak taldeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo