GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora

Iraetako plazan jokatuko da Binakako Txapelketako lehen finalerdia

J.L.

Binakako Urrezko Aizkorako lehen finalerdiak jadanik badauka data, datorren igandean jokatuko baita Iraetako plazan 17.00etan. Bertan Otaegi eta Otaño, egungo txapeldunak, Atutxa II.aren eta Mugertza II.aren aurka neurtuko dira.

Ikusmin handia piztu duen saioa da hau, laurak ere gazteak izanik, zaleak orain horiek ikusteko amorratzen baitaude. Orain arte, gainera, itxura ona emanda heldu dira finalerdietara. Dena dela, aurtengo finalerdiak bereziak dira, ez baitira saio batean erabakiko, bi neurketa jokatu beharko dituzte, eta finalera iristeko bi saio irabazi beharko dira. Bikote bakoitzak bana irabaziko balu, denborei begiratu beharko zaie. Itzulerako neurketak, oraindik ez dauka datarik, beste finalerdiak ez daukan bezalaxe.

Beste finalerdia Zubiagak eta Nazabalek Rekondoren eta Erasunen aurka jokatuko dute, azken hau osatzen bada. Azkeneko saioa Iñaki Azurmendik jokatu behar izan zuen, eta ikusiko da zer gertatuko den.

Finalerdi honetaz gain, igandean aizkora zaleek beste zita bat izango dute Tolosako zezen-plazan, eguerdian hantxe neurtuko baitira Jon Irazu eta Xabier Zaldua. Apustu polita iragartzen da, ikusmin handia ari da pizten, gainera, eta jendearen jarduna ere ugaritzen ari da.

Irazuk aurten lortu du Euskal Herriko Txapelketan Lehen Mailara igotzea, eta Zalduak, berriz, Bigarren Mailako finala jokatzearekin konformatu behar izan zuen. Apustu kontuetan, ordea, askoz ere eskarmentu handiagoa dauka Zumarragakoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo