GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Kantuan kontari

Ezberdina da istorio bat kontatzen badizute edo kantatzen. Kantatzen dizutenean bihotzera heltzen zaizu eta ulertu egiten duzu». Egunkari honi eskainitako elkarrizketa batean Paco Ibañez kantariak esandako hitzak dira. Elkarrizketaren erantzun berean zioen kanta baten destinoa norberaren barruan bizitzen diren kantak bihurtzea dela «eta zoazen lekura zoazela, zurekin doaz». Pacoren kantak barruan eraman ohi diren horietakoak dira. Behin baino gehiagotan poeta baten ezagutza ekarri digute, letra horien egilearen gaineko jakin-mina, edo, bestetan, eskolan ikasitako idazleenganako begirada aldatzea eskaini digu.

«Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko», abesten genuen Negu Gorriarekin. Eta Voltaire-ri arrazoia emanez kanta eta dantza egiten genuen. Erraietan itsasten zaigun kantak bizitza osoan lagunduko digu lagunartean, bakardadean, bidaian, borrokan, lanean, maitasunean, gorrotoan. Kantaren istorioa gure baitako istorioaren parte egiten dugu.

Guztiok gure eguzkiari egiten diogu so maiz; Ibañezek halako zerbait egiten du. Jakina ezberdina dela istorio bat kantuan jasotzea edo kontuan. Ordea, esatea kantuan bihotzera heltzen zaizula eta orduan ulertu, gehiegitxo iruditzen zait. Ipuin bat kontatzen dizutenean bihotzerako bidea egin nahiko du ere, ulertu dadin, goazen lekura goazela laguna izan dezagun. Istorio bat entzutean, kontatzean, norberaren barnean lekua egin nahi duen bizipena izango da. Ala, Apakintzako baserriko sukaldean kantuan baino ez al zituen entzuten Paco haurrak? Ez al zuen bihotzean itsatsitako konturik entzuten? Ez al ditu bidaide izan bizitzan?