GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna

Amets bat dugu

«Eskoziarren borondateari begirunea erakutsi diot, erreferenduma agindu zien alderdi baten alde bozkatu baitute». Noiz entzungo ditugu halako hitzak Estatu espainoleko agintari baten ahotik?

«Beti dirudi ezinezkoa,

lortzen den arte»

Nelson Mandela

Haurtzaroko oroitzapen batekin amestu nuen aurrekoan. Txikia nintzenean amak irakurri ohi zuen liburuarekin; nor zen ez nekien azaleko aurpegi harekin. Ondoren, denborarekin ikasi nuen Martin Luther King-ena zela bisaia hura. 1963an, eskubide zibilen martxaren barruan, «I have a dream» (amets bat dut) hitzaldi gogoangarria eskaini zuenarena, bere ametsik sakonena azalduz munduari: berdintasuna, justizia, elkartasuna, itxaropena eta zoriontasunean oinarritutako gizarte bat; arrazakeria, zapalkuntza oro atzean utziz, denak libre izango ziren eguna. Hitzaldi hartaz akordatu naiz, estatu gabeko nazioen independentziaren afera pil-pilean dagoen honetan. Kingek bezala, geuk ere amets bat dugulako.

Asko hitz egin da independentziaz azkenaldian. Zerbait mugitzen ari den seinale, ziurrenik. Eta estatuko sektoretan alerta piztu da berriz. Herriok aldarrikatzen duguna nazio orok duen eskubide bat soilik izan arren: erabakitzeko eskubidea. Horrenbestez, ez gara pribilegio, erokeria edo debekaturiko zerbaiti buruz mintzo. Gure etorkizuna libreki eta demokratikoki erabaki ahal izatea bakarrik nahi dugu. Herriaren hitza kontuan izatea, eta onartzea.

Honi guztiari buruz eztabaida naturaltasunez zabaltzea litzateke zuzenena. Haatik, espainiar estatuko botere zein medio nagusiek mezu negatiboetan, beldurrean eta mehatxuetan oinarritutako estrategia sustatu dute. Beste behin. «Denak balio du» lema bere eginez. Ozen eta asaldatuta, inolako funtsik gabeko argudioak errepikatuz:

«Euskal Herria ez da inoiz existitu, asmakizun hutsa da». Historian zehar euskaldunok izan genuen antolakuntza eredu propioa: Nafarroako Erresuma. Gaztelak, armen bidez, konkistatu zuen arte. Izan ginen, beraz; eta bost mende geroago, nazio gara, herri sentimendu sakonarekin. Baina, batez ere, etorkizun oparo batekin.

«Independentzia eskuratzea ezinezkoa da, ez da halako prozesurik jazo Europan». Aurrekari ugari aurki daitezke, ordea: Lituania, Kroazia eta Eslovenia 1991n; Bosnia 1992an; Montenegro 2006an; Kosovo 2008an. Baita egun norabide berean doazenak ere: Eskozia, Quebec, Groenlandia, Faroe uharteak, Katalunia... Posible da, beraz.

«Egun krisi ekonomikoak du lehentasuna, independentzia bigarren mailan geratzen da». Eta independentzia bada krisitik irteten hasteko aukera nagusia? Krisi ekonomikoa gainditzeko ezinbesteko zaigu erabaki estrategikoak guk geuk hartzea. Posible ez ezik, beharrezko ere bada independentzia.

«Euskal Herria eta Katalunia espainiar estatutik kanpo ez dira bideragarriak». Zertan oinarritzen da hori? Zer ezkutatu nahian? Izan ere, azterketen arabera, kokapen, tamaina zein garapen mailagatik, aipatu nazioek bideragarri izateko ezaugarri denak betetzen dituzte.

«Arrazoi ekonomikoetan soilik oinarrituta nahi dute independentzia». Aski ezaguna da, alabaina, hamarkada luzeetako aldarrikapena dela independentziarena, arlo ekonomikotik harago, kultura, gizarte, hizkuntza... arloetan sustraitua.

Era berean, esanguratsua da estatu desberdinek egoera berdinaren aurrean hartzen duten jokabideen arteko kontrastea. Bakoitzaren heldutasun eta kultura demokratikoaren lekuko. Erresuma Batuaren kasuan, Cameronek «Erreferenduma deitzeko ituna» sinatu du Alex Salmond eskoziar agintariarekin. Hala, bi gobernuek onartu egingo dute eskoziarrek erreferendumean erabakiko dutena: Eskoziak Erresuma Batuaren baitan jarraitzea edo ez. Adierazgarriak iruditu zitzaizkidan Cameronen hitzak: «Eskoziarren borondateari begirunea erakutsi diot, erreferenduma agindu zien alderdi baten alde bozkatu baitute». Noiz entzungo ditugu halako hitzak espainiar estatuko agintari baten ahotik? Noizbait gaindituko ote dute iragan kolonialaren pisua, nostalgia?

Erabakitze eskubidea edozein gizarteko zutabe nagusi gisa ulertzen dut. Gure kasuan, independentziaren bideari ekiteko urrats garrantzitsua. Independentziak, aitzitik, ez luke azken xede, helmuga izan behar, bitarteko, bide, ateak irekitzeko giltza baizik. Zertarako, izan ere, independentzia? Orain arteko gizarte injustizia eta sistema ekonomiko antzuarekin jarraitzeko? Espainiar banderaren ordez ikurrina jarri eta lehengoan segitzeko? Etxe kaleratzeekin, lan baldintza prekarioekin, oinarrizko zerbitzuetan aplikatutako murrizketekin, boteretsuenen ustelkeria, indarkeria eta inpunitatearekin, hedatzen doan pobreziarekin... Edota bestelako gizarte eredu aske bat eraikitzeko? Gizakiongan oinarritu- tako sistema ekonomiko bat garatuz, non pertsona ororen eskubide eta beharrizanak lehenetsiko diren, gutxi batzuen mozkinen gainetik.

Agorturik dagoen sistemari alternatibak topatzeko txanda da. Gure esku dago zeregin hau egungo egoera eragin duten eliteengan uztea, edo gu geuk iniziatiba hartzea. Denon bultzadarekin aurrera egitea, ilusioz, alaitasunez. Ezinezko zirudiena posible bilakatzea lortu zuten, beste beste Martin Luther King-ek eta Nelson Mandelak. Gure ametsa erdiesteko ordua da. Filosofo hark esan zuen bezala, «gaurko ametsak biharko errealitate baitira».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo