GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

berezkoen Buruz Burukoa

Battitte Ducassou eta Alexis Intxauspe gazteak faborito izango dira Baionako Saint Andren

J.L.

16.00etatik aurrera jokatuko da gaur Baionako Saint Andren Buruz Buruko Txapelketako bigarren jardunaldia. Beste bi kanporaketa jokatuko dira, eta irabazleak datorren igandean Senperen arituko dira.

Lehen partida Battitte Ducasouk eta Olivier Jeannotsek jokatuko dute. Ducassou gaztearentzat bigarren norgehiagoka izango da, pasa den astelehenean bere anaia zaharra menderatu eta gero. Oso ongi ekin dio aurtengo txapelketari.

Gaztea da, eta hori izan dezake duen gabezia, eskarmentu faltak batzuetan arazoak sortzen dituelako, baina gaur ere faborito aterako da. Dirua oso nabarmen aterako da bere alde. Astelehenean itxura bikaina eman zuen, oso erraz egin zuen pilotan. Sakatu primeran egin zuen, eta gero tantoa amaitzerakoan ere erraztasun osoarekin egiten zuen itsasuarrak.

Jeannotsentzat lehen partida da gaurkoa, eta horrelakoak beti izaten dira arriskutsuak, eta are gehiago aurrean duen pilotaria kontuan hartuta. Saiatuko da ezustea ematen, baina lana ongi eta asko egin beharko du Battitte mendean hartu nahi baldin badu. Gaur garaipena lortzen duen pilotariak igandean Laurent Lanberten aurka jokatu beharko du Senpereko trinketean.

Bigarren partidan Alexis Intxauspe eta Gregory Agirre lehiatuko dira. Intxausperentzat bigarren partida da. Astelehenean oso erraz irabazi zuen Lazkanoren aurka eta itxura oso ona emanez, gainera, nahiz eta aurrean zuen pilotariak ez zion estualdi handirik eman, bost kintze bakarrik egin baitzizkion. Dena ongi egin zuen, baina Agirrerekin lan gehiago egin beharko du gaur arratsaldean.

Seguruenik ere Intxauspe faborito aterako da, baina diruan ez da alde handiegirik espero. Agirre bera ere pilotari arriskutsua da, eta errestoan asmatzen baldin badu, oso estu hartuko du Intxauspe gaztea. Norgehiagoka honetan garaipena lortzen duen pilotariak datorren igandean Senperen jokatu beharko du Ximun Lanberten aurka. Saint Andren ez da azkeneko urteetan txapelketako norgehiagokarik jokatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo