GARA > Idatzia > Kultura

Josu Martinezen «Presoen betebeharra» proiektuak eskuratu du Tene Mujika saria

p047_f02_97x96.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskal Herrian edo euskal presoek azken 50 urteetan kartzelatik egindako ihesak edo ihesaldi-saiakerak kontatu nahi dituen proiektua da «Presoaren betebeharra», Josu Martinez zinemagile, idazle eta musikariarena. Berak eskuratu du aurtengo Tene Mujika saria, atzo jakinarazi zutenez, eta urtebete du orain lana amaitzeko; ondo bidean, 2014ko udaberrian kaleratuko da.

Proiektuak Henri Charierek «Papillon» eleberri autobiografikoan botatako esaldi batetik hartu du izenburua: «Preso ororen lehen betebeharra ihes egitea da». Martinezen ustez, presoak bere kemen eta irudimen guztia erabili behar du horrelako saialdi batean, eta, horrek benetako artelan bihurtzen ditu hainbat ihesaldi, guztiongan sinpatia bat-batekoa sortzen duena gainera.

Ahots ezberdinetatik

Erreportaje literarioaren teknikak erabiliz, hamar ihesaldi kontatuko ditu, historia bakoitza bertan protagonista izan zirenetako baten ahotik kontatuta: batzuetan iheslaria, besteetan kanpoko laguntzailea, edo biktima suertatu den funtzionarioa. Izan ere, gure historia hurbilean izan diren ihesaldietako batzuek duten indarra ikusita, nolatan ez den horien berri hobeto jaso harritu izan du Martinez, eta honakoak aukeratu ditu: IK-ko Maddi Hegi eta Gabi Mouescaren ihesa, Paueko espetxetik; Joxemari Sagardui Gatzak Granadan egindako saiakera; Joxeantonio eta Ismael Berasategi anaiek egindako trukaketa; Iñaki Pikabeak eta Joseba Sarrionandiak Martutenetik Imanol kantariaren bafleetan ezkutaturik alde egin zutenekoa; helikoptero bidezko ihesaldi-saiakera batzuk; Iñaki Etxarteren hiru ihesak; Basauriko eta Segoviako ihesak; eta azkenik, ETAk bahiturik izan zuen Eugen Beihl alemaniar kontsularena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo