GARA > Idatzia > Ekonomia

Lurzaindia, laborantzako lurren espekulazioari aurre egiteko tresna

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan espekulazioaren erruz laborantza lurren galerari aurre egiteko Lurzaindia sortu dute, neurriz kanpoko salmenta kasuetan tresna «erreaktiboa eta eraginkorra» izateko xedearekin. Edozein pertsona fisiko edo moral izan daiteke akziodun. «Lurra atxikitzeko, baserritarren instalazioa laguntzeko, lurraldearen garapen iraunkorra sustatzeko eta elikagaien kalitatea bermatzeko» inbertsio solidariotzat jo dute sortzaileek.

p028_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

«Laborantzako lurrak babestu eta mantendu nahi baditugu, ez dago beste biderik: lurra ondasun kolektiboa bilakatu behar da». Hala mintzatu ziren atzo, Baionan, Lurzaindiaren sustatzaileak, egitura berria aurkezterakoan. Landa lurrek pairatzen duten espekulazio gero eta handiagoari aurre egiteko tresna «erreaktiboa eta eraginkorra» izango delakoan daude.

Orain artean GFA Lurrak zeraman ildo beretik sortu da Lurzaindia, baina ahalmen gehiagorekin. «Duela 33 urte sortu ginenetik 14 etxalde salbatzea lortu dugu ekarpen indibidualei esker. Alta, tresna hau ez da aski egun ezagutzen dugun lur espekulazioa mugatzeko. Horregatik, gu desagertu eta eraginkorragoa izango den egitura juridiko berriari ongi etorria ematen diogu», esan zuen Arño Thikoipe GFAko azken presidenteak.

Izan ere, laborantza ustiapenen salmentetan gehiegikeriak gerta ez daitezen kontrolatzeko dagoen egitura ofizialak (SAFER) «ez du ez behar adina bitarteko, ezta behar adina borondate ere», esan zuen Maryse Cachenaut EHLGko ordezkariak.

Hala guztiz ere, nahi eta nahi ez SAFER aintzat hartu behar duten erakundea izaki, berarekin zein beste hainbat erakunde eta hautetsirekin ere bere jarduera uztartzeko asmoa du Lurzaindiak. Batez ere nekazaritzako lurrak babesteko, horien salerosketan SAFERek prezioak kontrolatu eta finkatzeko duen ahalmena eta «lehentasun eskubidea» gehiago baliatu ditzan bultzatu nahi dute.

Eragile ezagunen gain

Ipar Euskal Herriko laborantzan ibilbide ezaguna duten eragileak arduratuko dira proiektua hezurmamitzeaz eta kudeatzeaz, ERNE SAS egitura juridikoaren bidez: ELB laborarien sindikatua, nekazaritzaren garapenean diharduten hainbat elkarte biltzen dituen Arrapitz federazioa, Inter-AMAP tokiko ekoizpenak zuzenean saltzeko sarea eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera (EHLG). Urtarrilaren 17an egindako batzar eratzailean, estatutuak eta kode etikoa onartzeaz gain, Lurzaindiaren buru izango dena ere izendatu zuten, Marie Christine Elizondo ELBko kidea, hain zuzen ere.

Gogoeta luze baten ostean sortutako tresna berria eratzeko orduan, bidelagun izan dituzte, besteren artean, Terre de Liens, Estatu frantsesean, duela hamar urte, «elikatzen gaituen lurra babesteko merkatu espekulatibotik ateratzen» ahalegintzen den elkartea.

Halaber, aurrezki solidarioaren bitartez Ipar Euskal Herriko garapen ekonomikoa eta iraunkorra sustatzen duen Herrikoa egitura ere lehen mailako partaide dute. Biek ala biek, Lurzaindiaren zaintza kontseiluko kide izango dira eta kode etikoa betetzen dela behatuko dute.

Hego Euskal Herrian ere nekazaritzarako lurraren arazoa larria dela ikusirik, Euskal Herri osoan lan egiteko nahikeria azaldu dute Lurzaindiko kideek. Lurra zaintzeko bidean, aspalditik harremana duten eragileekin elkarlana partekatzeko borondatea dute.

Azarorako 350.000 euroko funtsa eskura izatea dute helburu

GFA Lurra elkartearen ondarea Lurzaindira eskualdatu denez, 700.000 euroko kapitalarekin abiatuko da Lurzaindia SCA sozietatea. Halere, bere zeregina aurrera eramateko, baliabide ekonomikoak ezinbestekoak ditu. Hala, akziodunak bilatzeko kanpaina abiatuko dute berehala. Marie-Christine Elizondok «inbertsio herritarraren» garrantzia nabarmendu zuen: «Ez da dohaintza huts bat edo elkartasun ekimen bat soilik. Berez, inbertsio bat da, lurra zaintzeko eta kalitatezko janaria segurtatzeko egiten den pario bat. Jartzen den dirua berreskuratzeko aukera dago gainera».

Espekulazioa gelditzeko, laborariak atxiki eta berriak instalatzeko eta ingurumena zein kalitatezko ekoizpenak bermatzeko, Lurzaindiaren helburuekin bat egiten duen orok «bere aurrezkiari zentzu bat emateaz gain, gure lurraldeko garapen ekonomikoa« bultzatuko duela gaineratu zuen Elizondok.

Edozein pertsona fisiko edo moral izan daiteke Lurzaindiaren akziodun. Norbanakoei ez ezik, instituzioei, elkarteei eta enpresei dei berezia egin diete proiektuarekin bat egin dezaten. Parte hartzea ahalik eta zabalena izan dadin, akzioek balio apala izango dute, zehazki, euro bat bakoitzak. Hori bai, gutxienez, hogei erosi behar dira.

Azarorako 350.000 euro biltzea dute xede. Era horretan salmenta espekulatiboak ekiditeko, eskaintzak egin eta behar diren diru-bermeak lehenbailehen eskura izango dituzte, «eraikuntza deskontrolatu edo ongi gogoetatu gabearen ondorioz» Ipar Euskal Herrian urtero galtzen diren 1.000 hektarea lursailen odolustea gelditzeko erabiliko direnak. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo