GARA > Idatzia > Kultura

Lou

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

 

Oraindik bada lekurik euskal rockeroen panteoian, hobi komunean esan nahi nuen, nahiz eta heriotzaren bisita bakoitzak apur bat gutxitu tokia. Louk ez du leku askorik beteko, ez dut uste, bederen, baina astindu ditzala gustura aldakak, egin dezala garrasi eta gogoratu diezagula izan zela garai bat non euskal rocka lotsagabea eta dibertigarria zen.

Musikalki gehiegi balioztatutako 80ko hamarkadaren nostalgia baino, aitzindariari, ausardiari, errespetua aitortzeko moduen bila nabil. Horretarako, aski izan beharko luke Lou agertokian irudikatzea, aldakak gustura astintzen eta garrasika, jakina, rock & rollak ez zuen orduan hainbesteko izen onik, gutxiago oraindik rock & rolla kantatzen zuten emakumeek, eta are gutxiago, pentsatuko duzuenez, euskaraz rock & rolla kantatzen zuten emakume bakanek. A, bakarra zela? Egia! Arratoiak beti dabiltza hiltzeko arranoren baten peskizan.

Baina, zer ote dute emakume demonio hauek zainetan, aldakak hala mugitu eta garrasi egiteko? Bada, ordura arte taula gainean gutxitan ikusitako indarra, kemena, erakargarritasuna eta, batez ere, probokaziotik asko zeukan lotsagabekeria. Horiek guztiak ikasi genituen Lourekin. Inork ez zekien artean nola egiten zuten amodioa baserriko neskatilek, Ok Korralekoek azaltzen ziguten.

Horregatik guztiagatik, lerro batzuk baino ez, hauts pixka bat eta egunsentiko eguzkiaren lehen txinpartak kaktus bat argitzen basamortuan (Sergio Leoneri lapurtu diot eszena, soinu banda, rock & rollean jantziago dagoen beste norbaiti eskatu beharko). Astindu gustura aldakak Lou eta egin garrasi, mila esker, besteak beste, barnean gotortutako batzoki txiki hori pitzatzen laguntzeagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo