GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Battitte Ducassouk eta Alexis Intxauspek Buruz Buruko Txapelketan bidea egiten jarraituko dute

Jon LEUNDA

Ducassou II.ak eta Intxauspek aurreikuspen guztiak bete zituzten, eta Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako hirugarren kanporaketan dira, atzo Baionako Saint Andren jokatutako partidak irabazi ostean.

Lehen neurketan berriro ere itxura oso ona eman zuen Battite Ducassouk. 25 eta 40 irabazi zion Jeannotsi, eta emozioa lehen kintzetan bakarrik egon zen. Ducassouri hasieran kosta egin zitzaion aurkariari ihes egitea, baina 6-6ko berdinketaren ostean, itsasuarrak bidea libre ikusi zuen, eta aurrera egin zuen, aurkariari aukera bat bera ere eman gabe.

Pixkanaka tartea zabaltzen joan zen, eta 8-20ko partziala sartu zion, 14-26 aurretik jartzeko. Emaitza horrekin dena erabakita geratu zen, eta hortik aurrera markagailua nola geratuko zen itxarotea bakarrik falta zen, eta azkenean 25 kintze egitea lortu zuen Jeannotsek. Ducassou gazteak, berriz, igandean jokatuko du hirugarren kanporaketa Senperen, eta Laurent Lanbert izango du aurrean.

Kanporaketak oren bat iraun zuen, eta markagailua honela joan zen: 1-1, 3-3, 5-5, 6-6, 8-13, 10-17, 11-23, 14-26, 16-29, 21-31, 23-36 eta 25-40. Saketik 12 tanto egin zituen Ducassouk, eta zazpi, berriz, Jeannotsek.

Bigarren partida askoz ere estuagoa izan zen, nahiz eta gehienetan Intxauspe aurretik ibili zen. Azken honek 37 eta 40 hartu zuen mendean Agirre, eta igandean jokatuko du hirugarren kanporaketa Senperen, Ximun Lanberten aurka. Berdinketa ugari izan ziren markagailuan, bi pilotariek oso norgehiagoka ona eskaini zuten, eta apustu zaleek amaierara arte dirua jokatzeko parada izan zuten, izan ere, Agirre beti aurkariaren gainean izan baitzen, nahiz eta azkenean Intxauspek ez zuen hutsik egin.

67 minutu iraun zituen partidak, eta markagailua honela joan zen: 3-3, 6-5, 11-8, 19-12, 20-23, 20-20, 20-23, 26-32, 28-28, 30-35, 35-39 eta 37-40. Pilotari bakoitzak hamahiru tanto egin zituen saketik. Atzoko emaitzen ostean, Buruz Buruko bi pilotaririk gazteenek aurrera jarraitzen dute, itxura ona emanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo