GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sortuk beste pauso bat emango du gaur, gazteen parte hartze nabarmenaz

Sortu osatzeko prozesuaren barruan, antolaketa ereduaz eta funtzionamenduaz eztabaidatuko dute gaur herri batzarretan. Egiturak zabaltzearen aldeko apustua nabarmendu du. Orain arte 6.000 lagun inguruk hartu du parte prozesuan, eta erdia 35 urtetik beherakoak dira.

GARA | DONOSTIA

Aurrera jarraitzen du Sortu egituratzeko prozesuak. Gaur hirugarren herri batzarrak egingo dituzte, eta antolaketa ereduaz eta funtzionamenduaz eztabaidatuko dute horietan. Bezperan agerraldia egin zuten Hasier Arraizek eta Joseba Alvarezek, prozesu honen gaineko zehaztapen eta datu esanguratsuak jakinarazteko: esaterako, orain arte eztabaidetan 6.000 lagun inguruk hartu du parte, 240 herri batzarretan, eta erdia baino gehiago 35 urtetik beherakoak izan dira.

Kopuruaz gain, parte hartzeari dagokionez, «eztabaida oso mamitsuak eta biziak izan dira -aipatu zuen Arraizek-. Horren lekuko dira oinarri ideologikoen txostenak jasoriko 400 emendakinak eta ildo politikoari buruzkoak bildutako 900ak».

Hala, batzarrak oso garrantzizkotzat jotzen dituzte Sortu eratzeko prozesuaren bultzatzaileek. Joseba Alvarezen hitzetan, «gure egiturak zabaltzearen aldeko apustu argia egin dugu; euskal gizartearen baitan dauden borroka soziopolitiko erreal nagusietan murgilduta daude ezker abertzaleko militante asko eta horien presentzia zuzena bermatu behar dugu gure zuzendaritza organoetan; hau da, gazte borrokaren, langile borrokaren, eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokaren edota euskal presoen aldeko borrokaren presentzia ziurtatu». Hori helburu, «gaur arte ez bezala, eskualdeei lehentasuna emango diegu», iragarri zuen Alvarezek.

Aurretik, oinarri ideologikoen gaineko eztabaida egina dute, bai eta ildo politikoari dagokiona ere. Dagoeneko hilabete baino gutxiago gelditzen da otsailaren 23an Sortuk egingo duen lehenengo kongresura iristeko. Aurretik, otsailaren 16an hain zuzen, alderdi berrian ardurak izango dituzten kideak hautatzeko barne hauteskundeak egingo dira.

ARDURADUNAK, GERO

Antolaketa eredua finkatzeko erabakigarriak izango dira gaurko bilkurak. Gero, otsailaren 16an, arduradunak hautatzeko bozketa egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo