GARA > Idatzia > Kultura

Udaberriko nobedadeak, Durangotik harago

Zalantzarik gabe, Euskal Herriko argitaletxeentzat Durangoko Azoka urteko hitzordurik garrantzitsuena da. Sinergien eta jendearen bila, nork bere indarrak eta nobedadeak bertan metatzen baditu ere, ez da lan berriak plazaratzeko sasoi bakarra. Izan ere, Gabonak pasa orduko, udaberrirako ate-joka datoz nobedadeak.

p054_f02.jpg

Alvaro HILARIO

Saiatuko gara, lerro hauetan, azken egunetan liburu-dendetara heldu diren liburuen nahiz irtetear dauden zenbait lanen berri ematen, baita proiektuak aukeratzeko argitaletxe bakoitzak erabiltzen dituen irizpideak ezagutzen ere. Diren guztiak ez badaude ere, hona ekarri ditugu Susa, Ttartalo, Pamiela, Txertoa, Elkar eta DDT.

Susa argitaletxeak urtero zortzi edo hamar liburu berri argitaratzen ditu. Helduentzako literatura bakarrik argitaratzen dute: nobela, ipuinak, poesia. Euskara da erabiltzen duten hizkuntza bakarra. «Otsailaren amaieran argitaratuko dugu Miren Agur Meaberen nobela. Martxoan, Mikel Tabernaren nobela eta, apirilean, Oier Guillanen poema liburua argitaratuko ditugu», esan du Susako arduradun Gorka Arresek. Bestalde, «liburu berri bat argitaratzearekin batera argitaratzen da ere e-book formatuan», dakar gogora Arresek.

Iruñeko Pamielak euskal gaiak -modu zabalean ulertuta- jorratzen ditu eta aurtengo aurreneko liburua asteazkenean agertuko du: Miguel Sanchez-Ostizen «El asco indecible», norbanako askatasunek pairatzen dituzten murrizketak eta, besteak beste, estatuak egun daukan rola aztertzen dituen lana.

Kaleratu berri du Ereinek Dolores Redondoren «El guardian invisible» («Zaindari ikusezina», euskarazko bertsioa), trilogia baten lehenengo atala. Detektibe nobela dugu hau: «Ez zaio eleberriari intrigarik eta misteriorik falta. Amaia Salazar inspektoreak bi eginkizun ditu eleberrian: Baztan inguruan gertatzen ari diren neska nerabeen hilketak argitu, eta amarekin, izan (eta dituen) arazo larriak konpontzea», azaldu du edukiaren inguruan argitaletxeak berak.

«Txertoak Euskal Herriarekin zerikusia duten gaiak lantzen ditu eta hori islatzen da bilduma ezberdinetan», azaldu du argitaletxeko arduradun Martin Ansok. Alberto Ladron Aranaren «Las manos del carpintero» eleberria, Ascension Badiolaren «Martina guerrillera» (Napoleonen kontra -Gasteizko gudatean, esaterako- borrokatu zen Martina Ibaibarriagaren istorioa), Manu Monteroren «Historia del País Vasco» (iazko hauteskunde emaitzak ere jasotzen dituena), Usoa Arinen «Baratze bat nahi dizut egin» (baratzea etxe ondoan edo are etxeko balkoian ere sortzeko eta lantzeko oinarri-oinarrizko liburua da) eta Iñigo Bolinagaren «Sinfonía guerrera» dira Txertoak kalean dituen liburu berriak: «Gasteizko Batailak berebiziko oihartzuna izan zuen Europa osoan eta horren lekuko da Beethovenek berak `Gasteizko Bataila' deritzan sinfonia bat egin izana. Aurten bataila haren bigarren mendeurrena beteko da. `Martina, guerrillera' ere garai hartan girotuta dago. Ikusten duzunez, aurtengoa oso urte `napoleonikoa' izango da», esan du Martin Ansok.

Liburuak kaleratzeko irizpideak direla-eta, zera esan du Ttarttaloko Idoiak: «Hiru ildo nagusi ditugu: Euskal Herriari lotutako eleberri historikoen bilduma, itzulpena, euskal gaiak jorratzen dituen saiakera bilduma eta sukaldaritza. Ildo horiek oinarritzat hartuz, testuen kalitate literarioari garrantzia handia ematen diogu. Eta idazleei dagokienez, eskarmentu handiko idazleak eta idazle berriak tartekatzen ditugu. Honela, aurtengo udaberrian Jose Antonio Azpiazu eta Karmele Jaiorekin batera, bere lehen liburua kaleratzen duen idazle berri bat dugu, Inma Roiz».

«Otsailerako Jose Antonio Azpiazuren `1813 crónicas donostiarras' saiakera historikoa argitaratuko dugu. Azpiazuk notariotzatako dokumentuak aztertu ditu eta bertan donostiarrek sute eta ondorengo triskantzari nola aurre egin zioten agertzen da. Horrez gain, aurtengo udaberrirako Karmele Jaioren `Música en el aire' itzulpena eta Inma Roizen lehen eleberria, `Manuela', kaleratuko ditugu», zehaztu du Idoiak, umeentzako liburu sorta ederra eta berria dutela gogora ekarriz.

Ttarttalok liburu elektronikoa ere kontuan dauka: «Azken urteotako lanari jarraituz, eleberri historiko guztiak formatu elektronikoan kaleratzen ditugu paperarekin batera. Eta gainerakoak ere poliki-poliki, formatu horretara ari gara pasatzen».

Elkarreko Xabier Mendigurenek azalpen hau egin du: «Beti bezala, irizpide nagusiak kalitate literarioa eta gaiaren gizarte-interesa dira; horren barruan sartzen dira idazle berriak bultzatzea, irakurleen gustuak heztea edo asetzea eta beste mila gauza, baina inork ez du makila magikorik irakurleak zer nahi duen jakiteko». Elkarrek haur liburuak kaleratu dituen arren, helduentzakoen berri emango dugu. Irizpideei segituz ondorengo liburu hauek dituzte kalean jada: Urrezko Bibliotekan, M.J. Lermontoven «Gure garaiko heroia» (itzultzailea Jose Morales Belda da), Gustave Flauberten «Madame Bovary» (itzultzailea Patxi Apalategi); Literaturan, Garazi Goiaren «Txartel bat (des)herrira», Goiatz Labandibarren «Interrail» eta Peru Magdalenaren «Egia esan»; Ateko Bandan-en, martxoan eta apirilean, Iñaki Irasizabal «Bizkartzainaren lehentasunak» eta Joxemari Iturralderen «Rasputin eta San Petesburgoko gauak».

«Paperean ateratzen ditugun helduen literaturako liburu guztiak kaleratuko dira liburu elektronikorako bertsioan; gazteei zuzendutako sail batzuk ere bertsio elektronikoan atera ditugu», adierazi du Xabierrek.

Bilboko DDTko Omarrek ere euren irizpideak zeintzuk diren azaldu du: «Batez ere, izaera antiautoritarioa duten liburuak edo ikuspuntu kultural batetik aldaketak eragin ditzaketenak».

Horrela, bi dira aste hauetan plazaratu dituzten tituluak: Gotzon Hermosillaren «Barakaldo revienta. Historia secreta del punk-rock en Barakaldo, 1978-2012» eta Günther Andersen «Sí, estoy desesperado ¡A mí qué me importa!», GARAren kolaboratzaile Elena Martinezek itzulita. Azken honi buruz, zera adierazi du Omarrek: «Ez du ematen filosofo batek idatzia denik, erabiltzen duen hizkera intelektualek izan ohi dutenarenetik urrun dagoelako».

DDTk banatuko du ere Beñat Arginzonizen «Pasión y muerte de Iosu Expósito», Cota Cero argitaletxearena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo