GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Txinan bildu dira aberri anitzetako ordezkariak

Herrialde desberdinetako surflariek euren aberria ordezkatu dute Txinan.

p046_f02_97x100.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Iaz bezala, Txinako Wanning uhartean bildu dira aurten ere mundu mailako zirkuitu desberdinetan parte hartu nahi duten lehiakideak. Aste batean bi erakunde desberdinek antolatutako munduko bi txapelketa izango dira bertan, eta horren ostean mundu mailako txapelketen sasoia indarrean izango da.

Txina oraindik ongi ezagutzen ez den lurraldea da surflarientzat, baina Wanning uharteak ospe handia hartu du oso denbora gutxian. Bertan daude Txinako olatu ezagunenak, eta bertan dagoen Riyue Bayko ezker olatu luzea izan da azken bi urteetan txapelketak egiteko antolatzaileek hautatu duten lekua.

Itsaskiak nahiko urri izaten dira Txinan, baina olatuak dauden egunetan surf egiteko gune oso onak daude eta gainera giro epela da nagusi.

Urteko lehen hilabetearekin batera lehen txapelketak ere hasi dira, eta hasiera hori irudikatzeko lekuren bat hautatu behar bada, dudarik gabe, hori Txina da.

Urtarrileko azken egunekin hasi dira munduko lehen surf txapelketak. Horrela, joan den ostiraletik gaur arte, herrialde desberdinen arteko txapelketa izan da Txinako Hainan uhartean. Gaur berriz, lekukoa hartuta, urautsi berean izango dira lehian WQS itzuliko lehiakideak.

Herrialdekako lehia ISA erakundeak antolatzen du eta bertan euren aberria ordezkatzen duten surflariek hartzen dute parte. Beraz, irabazleak ordezkatzen duen herrialdea izaten da garailea.

ISA (International Surfing Asociation) mundu mailako surf txapelketak antolatzen dituen erakundea da. Mundu mailako federazio antzeko bat da, estatuen egituretan txertatua eta olinpiar jokoetako munduko batzordeak onartzen duena.

ISArenak ez dauka ASP zirkuituak adinako osperik, babesle gutxiago baititu, baina azken urteetan indarra hartu. Bere helburua surfa kirol olinpiko bilakatzea da: horrela, surfak beste edozein kirolen pareko estatusa lortuko luke eta, bide batez, diru sariak ere handiagoak izango lirateke.

Txinan aste honetan bertan egingo duten bigarren txapelketan, berriz, mundu osotik etorritako surflariak izango dira, baina euren burua baino ez dute ordezkatuko. Lau izarreko WQS txapelketa hau munduko ASP zirkuituan kokatzen da eta itzuliko lehen txapelketa da.

Jarraian, Hawaiin, bost izarreko Volcon Pipe Pro txapelketa egiten da, otsaileko lehen astean, eta aldi berean, Breaka Burleigh Pro txapelketa izaten da Australian. Azken hau hiru izarreko txapelketa da, baina oihartzun handia izaten du. Izan ere, WCT itzuliko lehen txapelketa handik oso gertu izaten da, Snapersen, martxoko lehen astean eta, beraz, lehiaketa hau entrenamendu gisako bat izaten da WCT itzuliko lehiakideentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo