GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Battitte Ducassouk eta Ximun Lanbertek aise lortu dute Buruz Buruko laugarren kanporaketarako txartela

J.L.

Ducassou II.ak eta Ximun Lanbertek lortu zuten atzo Senperen laugarren kanporaketan izateko txartela. Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, sarrera bikaina izan baitzen norgehiagokak ikusteko.

Battitte Ducassouk inongo arazorik gabe lortu zuen hurrengo kanporaketan aritzeko txartela, Laurent Lanbert 40 eta 24 mendean hartuta. Kanporaketak ez zuen emozio handirik izan, Itsasukoa nahi bezala ibili baitzen, eta oso erraz lortu zuen hurrengo kanporaketan aritzeko txartela.

Partida osoan zehar aurretik ibili zen, eta bigarren kintzean berdindu baldin bazuen ere, hortik aurrera Laurent Lanbertek ezin izan zion aurre egin aurkariari. 10-24ko partziala sartu zuen Ducassou gazteak, eta horrekin 12-26 jarri zuen markagailuan. Hala, dena erabakita geratu zen.

Hortik aurrera Lanbertek zenbat kintze egingo zituen jakitea bakarrik falta zen, eta 24n geratu zen. Norgehiagokak 63 minutu iraun zituen, eta saketik 14 kintze egin zituen Battitte Ducassouk eta 4, Laurent Lanbertek. Jokoan 18 egin zituen Ducassouk eta 15, aurkariak, eta galdu, berriz, 5 eta 8 galdu zituzten. Markagailuan hau ikusi zen: 0-1, 1-1, 2-2, 2-8, 3-11, 6-17, 12-26, 14-29, 17-37, 24-39 eta 24-40.

Bigarren partidan ezustea izan zen, eta ez Ximun Lanbertek Intxausperi irabazi ziolako, eman zion egurragatik baizik, 40 eta 11 hartu baitzuen mendean. Intxauspe ezkertia da eta eskuinarekin arazo asko izaten ditu, eta Lanbertek hori ederki baliatu zuen, behin eta berriz eskuina bilatzen baitzion, eta hor geratzen zen Intxauspe ezinean, eta kintzeak galduz.

44 minutu iraun zituen partidak, eta saketik 11 egin zituen Lanbertek eta bat bera ere ez Intxauspek. Jokoan 20 eta 8 egin zituzten, eta 3 eta 9 galdu. Markagailuak hauxe erakutsi zuen: 0-1, 1-1, 2-2, 3-3, 4-4, 4-8, 5-18, 6-25, 7-30, 10-35, 11-39 eta 11-40. Ximun Lanbertek datorren ostegunean jokatuko du Baionako Saint Andren Bonebeltxeren aurka. Battite Ducassouk, egun eta leku berean, Thierry Harizmendirekin jokatuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo