GARA > Idatzia > Mundua

Izen handiko senatari errepublikanoek migrazio erreformaren alde egin dute

Bai demokratak eta bai errepublikanoak egun Ameriketako Estatu Batuetan indarrean dagoen migrazio legea aldatzearen beharraz ohartu dira. Hala, bi taldeetako zortzi senatarik, tartean John McCain errepublikanoak, araudia gaurkotzeko proposamena aurkeztu dute.

GARA | WASHINGTON

Ez da ohikoa Alderdi Demokrataren eta Errepublikanoaren arteko elkarlana ikustea. Baina, oraingoan, bi taldeetako zortzi senatarik -tartean John McCain senatari errepublikanoa eta presidentegai izandakoa, eta gero eta oihartzun handiagoa duen Marco Rubio senataria- paperik gabeko hamaika milioi etorkinen egoerari irtenbide juridikoa eman ahal izateko proposamena aurkeztu zuten atzo.

«Argi hitz egin dezagun. Behar-beharrezkoa dugu etorkin horien egoera legeztatzeko modua izatea», adierazi zuen Bob Menendez senatari errepublikanoak ABC kate estatubatuarraren programa batean. Berarekin batera, McCain egon zen. Azken horren hitzetan, errepublikanoek baiezkoa eman behar diote proposamenari, zeren «hispanoen botoa galtzen ari gara eta hori kezkatzekoa da».

Aurkeztutako agirian beharrezkotzat jotzen dute «mugan segurtasuna bermatzea eta sartzeko bisaren epearen urraketa zigortzea». AEBetan «legez kanpo» bizi diren hamaika milioi etorkin horietatik, %40 bisa batekin sartu ziren, eta bisaren epea bukatuta, geratzea erabaki zuten. Delitu larririk egin ez izana, ingelesa ikastea eta lanean daudela frogatzea eskatuko zaie, besteak beste.

2008an, hauteskundeak lehen aldiz irabazi zituenean, migrazio araudiaren erreforma egingo zuela iragarri zuen Barack Obamak, baina ez zuen agindutakoa bete. Izan ere, saiakerak egon arren, Alderdi Demokrata eta Errepublikanoa ez dira inoiz ados ipini.

Baina, azaroko hauteskundeen emaitzak ikusita, errepublikanoak hasi dira jabetzen etorkin horiek bai ekonomian eta bai politikan duten garrantziaz, kanporaketa masiboen politika pixka bat alde batera utziz.

gaur, nevadan

Migrazioari dagokion araudia aldatzeko proposamena atzo aurkeztuta, gaur Nevadan, Obamak erreformaren aldeko kanpaina jarriko du abian, hitzaldi batekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo