GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal hezkuntzaren beharrei buruzko topaketak antolatu dituzte ikastolek

Ikastolen Elkarteak aztergai izango ditu euskal hezkuntzak dituen beharrak eta erronkak, bihar Bilbon izango diren topaketetan. Egungo egoera aztertuta, gizartearen beharrei egokitzen den hezkuntza lege bat eskatuko du. Alderdien iritziak eta proposamenak ere jasoko dituzte.

p017_f02.jpg

Nerea GOTI | BILBO

Bilboko EHU/UPV-ren paraninfoan, Abandoibarran, hezkuntza munduko zenbait eragile bilduko dira bihar goizetik hasi eta arratsaldera arte, Euskal Herriko Hezkuntza sistemaren egoeraz hitz egiteko. Ikastolen Elkarteak antolatu ditu topaketak, kontuan hartuta EAEn legealdi berri bat martxan dagoela, eta horren ondorioz «lau urteko zikloa irekitzear» dagoela orain.

Eztabaida foro horretara eramango dute ikastolek egin duten diagnosia, eta bi gabezia garrantzitsu ipiniko dituzte mahai gainean. Koldo Tellitu elkarteko lehendakariak azaldu zuenez, une honetan eskola emaitzak onargarriak badira ere, hobeak izan beharko lirateke. Inbertsio parametroak Finlandiakoetatik eta Kanadakoetatik gertu izanik, eskola errendimendua ez da herrialde bi horien parekoa, eta horrek hausnarketa sakona eskatzen duela esan zuen.

Bigarren arazo nagusia sisteman kokatzen dute. Diotenez, «egungo antolakuntza agortuta dago». «Administrazio-esparru eta sare desberdinetan barreiatutako sistema desegituratu honek ez du laguntzen hezkuntza helburu orokorra eta emaitza hobeak lortzen», adierazi zuen.

Hezkuntza sistema propioa

Ikastolen Elkartearen ustez, euskal gizartean «aldaketa sakon eta esanguratsuak» izan dira hainbat arlotan, eta horiei azken urteotan krisialdi ekonomiko sakona gehitu behar zaie, normalizazio politikorako agertoki berria edota Estatu espainolaren birzentralizaziorako saiakera berria.

Gauzak horrela, ikastolek «erabat beharrezko eta premiazkotzat» jotzen dute hezkuntza lege bat, «sistema propiorantz aurreratze aldera». «Urteak joan, urteak etorri, eskola-ituna ez da iritsi, ezta Legea ere» -diote- eta horren zergatia zein den edota eragozpenak zeintzuk diren jakin nahi dute.

Hori dela-eta, bihar Abandoibarran 10.00etan hasiko diren topaketak eztabaida zabal horren «lehen txanpan» kokatzen dituzte. Dagoeneko, 150 bat lagunek eman dute izena, ikastoletako zuzendariak gehienak, baina bestelako eragileen parte hartzera zabalik dago foroa. Francisco Longo adituaren hitzaldia izango da aurrenik, eta jarraian, Juan Manuel Escudero katedratikoak Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzarako Legearen (Wert ministroaren egitasmoa) analisi kritikoa egingo du. Bazkalosterako, EAJ, EH Bildu, PSE eta PPko ordezkariekin mahai-ingurua egingo dute, bakoitzaren jarrerak eta proposamenak argitzeko. Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburuak topaketetan parte hartuko du, iragarri dutenez.

Bestalde, tarte berezia eskaini zion Ikastolen Elkarteak matrikulazio kanpainari, «ikastolen ezaugarri diren fidagarritasuna eta konfiantzan» oinarrituta, euskara eta euskal kulturaren ezagutzan eta erabileran izandako emaitzak nabarmendu dituzte, baita eskola komunitatearen parte-hartze zuzena ere.

Hendaiara joateko deia

Hain zuzen, Nafarroan, gurasoek eta ikasleek kanpainan izan duten parte-hartzea nabarmendu zuten, baita euskarrietan eginiko berrikuntzak ere. Pello Mariñelarena Nafarroako ikastolen zuzendariak Euskalherria Irratiari ere elkartasuna adierazi zion.

Bestalde, Hur Gorostiagak Seaskaren zuzendariak larunbatean Hendaian izango den manifestazioan parte hartzeko dei egin zuen, Paristik datorren erasoari aurre egiteko. Ikastolen Elkartearen izenean, Tellituk Seaska bakarrik ez dutela utziko esan, eta ikastolen komunitate osoaren beroa eta indarra ipini zuen erasoari erantzuteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo