GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Fernando Mijangos Ugarte | Hondakinen Kudeaketa eta Tratamenduak

Plastikozko botila baten bizitza zikloaren analisia

Erreketa masibo horiek egiteko erregai fosilak xahutu behar ditugu eta mordoa gainera; baina kezkagarriagoak dira, tximiniatik zepa moduan askatzen diren metalak, dioxinak, furanoak, ur lixibatuak eta antzekoak. Amaiera mota honek bizitza zikloaren analisian izugarrizko garrantzia du.

Plastikozko botila baten bizitza zikloaren analisiak, gure eskuetan daukagun plastiko botila horretan, bere sorreratik bere amaieraraino, sartu dugun energia, materialak eta negutegi-efektuan eragiten duten gasen emisioak kontabilizatzeko prozedura teknikoa ematen digu. Prozedura bera egin ahal diogu beirazko botila bati edo aluminiozko latari, baina plastikozko botilan zentratuko naiz.

Gure kontabilitatearekin hasteko esan behar dugu plastikoak lortzeko petrolioa erabili behar dugula eta, Euskal Herrian ez daukagunez, berau inportatu behar dugu, Petronorrek bere findegian egiten duen moduan.

Beraz, kontuan hartu behar izango ditugu petrolioaren erauzketan eta petrolioaren garraioan (bai oliobideen bidez bai petrolio-ontzien bidez) kontsumitu den energia eta botatako gasen kantitateak eta bere eragina. (Antzeko kalkulu batzuk burutu ditugu, hain zuzen ere, konparatu nahi izan dugunean dieselaren eta Leioako campusean frijitukien olioekin sorturiko biodieselen bizitza zikloaren analisia. Datu batzuk guztiz erabilgarriak izango ditugu).

Findegian petrolioa destilatzerakoan hidrokarburo desberdinez osaturiko frakzio ospetsuak eskuratzen dira, hala gasolinak, kerosenoak, nafta eta galipota nola hidrokarburo gaseosoak.. Gutxi gorabehera petrolioaren %1 soilik erabiliko dugu plastikoen industria kimikoan, gainerako ia dena erregai moduan erabiltzeko bideratuta baitago. Plastikoen artean arruntena, gehien kontsumitzen duguna, polietilenoa da, PE, plastiko guztien %50 baino gehiago delarik kontsumo aldetik.

Industria kimikoak, findegitik etilenoa behin eskuratu eta gero polimerizatzen du polietilenoa lortzeko; polimerizazio-prozesu hauek energetikoki mintzatuz kontsumo altukoak dira eta, are gehiago, konposatu organiko lurrunkorren iturri atmosferikoa bihurtzen dira, disolbatzaile organikoak erabili behar baitira, eta abar. (Polimerizazio-prozesuari buruzko datu batzuk bilatu behar ditugu).

Lorturiko polietileno hau, zati txikitxoetan zatikatuta, plastikoen transformazio industriak erosten du eta polietileno gordin hau transformatzen du nahi dugun erara; gure kasuan, injekzio-prozesu eta puzte baten bidez eskuratuko dugu gure plastikozko botila. Beraz, transformazio honetan gastaturiko energia eta gasen kanporaketa ezagunak izango dira.

Egia esan, transformazio hauek ez dira energetikoki mintzatuz altuak. Behin botila likidoz beteta eta etiketatuta, gure eskura iritsiko da saltokietan erosita, eta erosketa horiek egitera oinez joan garela suposatuko dugu, zeren eta bestela kontuan hartu behar baitugu gure garraioan gastaturiko gasolina, eta abar (bere zati proportzionala, noski). Behin erabili eta gero zer egiten dugu botilarekin?

Hondakin bihurtuko zaigu hondakinen definizioa kontuan hartzen badu- gu behintzat: «Hondakintzat bere edukitzaileak utzitako edo uzteko asmoa edo obligazioa duen edozein substantzia edo objektu hartuko da», «Ley 22/2011, de 28 de julio, de residuos y suelos contaminados». Beraz, botila hondakina da zaramara botatzen dugunean, eta hondakin bezala botilari geratzen zaion ibilbidea desberdina da botilaren jabearen arabera.

Horren arabera, plastikozko botila honen bizitza zikloaren analisiak emaitza desberdinak emango dizkigu bai energiaren gastuan bai negutegi efektuan eragile diren gasen emisioan ere. Euskal Herrian indarrean dauden bi ibilbide generikoak irudikatzen saiatuko naiz hurrengo lerrotan, bakoitzeko kontabilitatea burutu ahal izateko.

Baldin eta gure botila, «ontziak, latak eta tetrabrickak» birziklatzeko kontainerretan ipintzen badugu, kamioi batek jasoko du (garraioa) eta tetrabricak, latak eta plastikoak bereizten dituen makina handi batera eramango du. Makina honek imanak, Foucault korronteak, irakurgailu optikoak eta aire fluxuak erabiltzen ditu bereizketa horiek egin ahal izateko, gehi eskuz egiten den sailkapena. Makina honetan plastikoak hiruzpalau familia arruntetan sailkatzen dira, etxeetan erabiltzen ditugunak hain zuzen ere: polietilenoa, PVC eta PET eta agian poliestireno hedatuak. Familia bakoitzeko plastikoak batera ipintzen dira fardoetan eta metatu egiten dira.

Plastikoen birziklatze industriak jasoko ditu fardo hauek; plastikoak garbitu eta lehortu eta gero estrusio-makina batera eramaten dira; estrusio-makina honetatik polietilenoa pasatu eta gero irtengo da dilista moduko zati txikitxoak egina, «granza modukoa». Estrusio-makina, hitz arruntetan esana, harategian «kane pikada» moduko prozesua da. Behin polietilenoa granza moduan dugula, plastikoen transformazio industriara eramaten da, granza honi agian plastikozko aulki baten itxura eman ahal izateko, plastikozko kutxak egiteko...

Berriz bizitza berria ematen diogu honi. Eta behin eta berriro, nahiz eta kontuan hartu behar dugun plastikoak «zahartze-prozesuan» propietate batzuk galduz joango direla.

Baldin eta gure botila «dena batera» batzen duen kontainer horretan utzi badugu, botila honek segur aski bere zikloa errauskailu batean amaituko du, non lehengai organikoarekin, plastikoekin, latekin, beirarekin eta gainerako materialekin batera kiskaliko diren, botila horrek duen polietilenoa karbono dioxido eta ur bihurtu arte. Botila desmaterializatu (desegituratu) dugu; ezin diogu beste forma berri bat eman. Noski, erreketa masibo horiek egiteko erregai fosilak gastatu behar ditugu eta mordoa gainera; baina kezkagarriagoak dira, zalantzarik gabe, tximiniatik eta zepa (escoria) moduan askatzen diren metalak, dioxinak, furanoak, ur lixibatuak eta antzekoak. Amaiera mota honek bizitza zikloaren analisian izugarrizko garrantzia du. Egon badaude datu batzuk honen inguruan.

Ez dut botila zabortegi batean lagatzearen aukeraz hitz egin nahi izan, aukera hau guztiz arbuiatu behar baitugu. Zabortegiak itxi eta kito. Horrek ñabardura bat eskatzen du, nik uste.

Kontrolik gabeko zabortegiak itxi behar dira. Eta ezin da ezer zabortegi batera bota aurretik tratatu barik. Baina birziklatzean ere errefus gutxi sortzen da, eta inertizatuta; ezin diogu bidea itxi gordetegi kontrolatu batera, etorkizunean berreskuratu eta berrerabili ahal izateko. Guztia nahastuta botatzen bada, azken prozesu hori ezinezkoa da.

Esandakoa esanda, ez da zaila izan behar zenbat plastiko birziklatzen den eta zenbat erretzen den kalkulatzea, jakinda zenbat plastiko kontsumitzen dugun urteko eta pertsonako. Are gehiago, zaramara botatzen dugun plastikoen kantitatea ken birziklatzen den kantitatea izan behar baita erraustegian erretzen den beste zatia.

Plastikozko botila arrunt baten ibilbidea, sortzen denetik hilobiraino marraztu dugu aurreko ideiekin; eta uste dut berehala antzeman daitekeela botila zaramara botatzen dugunetik aurrera zabaltzen den diferentzia ikaragarria: plastikozko botila birziklatzera jotzen badugu, aurrezten ari gara baliabide natural asko eta asko (lehengaiak, petrolioa, lur azpiko urak zikindu gabe...) edo ez dugu bauxitarik erauzi behar gero aluminiozko lata egiteko edo ez dugu silizea (harea) purifikatu eta funditu behar beira egiteko. Birziklatzen dugunean gastu energetikoa asko murrizten baita, eta honekin batera negutegi efektuan eragiten duten gasen emisioak...

Zenbakiei dagokienez, kalkuluak egin gabe ere, ez daukat zalantzarik birziklatzeak beti emango dituela erraustegiak baino datu hobeak.

Eta zuk?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo