GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Harizmendik asko kostata irabazi zion Ducassouri, orain arteko partidarik luze eta ederrenean

J.L.

Thierry Harizmendik eta Ximun Lanbertek lortu zituzten atzo final-laurdenak jokatzeko txartelak, Ducassou II.a eta Bonebeltxe mendean hartu ostean. Norgehiagokak Baionako Saint Andren hasi ziren, baina lehen partidan Harizmendi 8-7 irabazten ari zela, dena utzi eta Modernera joan behar izan zuten. Sekulako hezetasuna zegoen Saint Andren, eta ia zutik egoterik ere ez zegoenez, denek Modernerako bidea hartu zuten, han jarraitzeko.

Ducassouk eta Harizmendik jokatu behar zuten neurketak ikusmin handia piztu zuen, eta ikusi zuen inor ez zen damutu, orain arteko partidarik ederrena ikusi baitzuten. Azkenean Harizmendik 40 eta 35 irabazi zion Ducassou gazteari, oren eta erdi pilotan aritu ostean. Orain arteko neurketarik luzeena ere izan zen atzoko hau.

Hasieratik ekin zioten gogor, eta berdinketa ugari izan ziren hastapenean, nahiz eta trinketaren egoera ez zen oso ona. 8-7koarekin dena moztu eta lekuz aldatu behar izan zuten, baina horrek ez zieten batere eragin, lanean berdin jarraitu baitzuten, zaleen gozamenerako. Saketik hamaika kintze egin zituen bakoitzak, eta jokoan, berriz, 22 egin zituen Harizmendik, eta bat gutxiago Ducassouk. Galdu, 3 eta 7 galdu zituzten. Markagailuak honako zenbaki segida erakutsi zuen: 1-0, 1-1, 2-2, 3-3, 8-3, 8-8, 9-9, 10-10, 15-15, 16-16, 17-17, 20-20, 21-21, 25-25, 26-26, 31-26, 36-30, 39-34 eta 40-35. Harizmendik datorren astelehenean Donibane Garazin jokatuko du Ezkurraren aurka final-laurdenetako kanporaketa.

Ximun Lanbertek askoz ere arazo gutxiago izan zituen Bonebeltxeri irabazteko, 40-21 hartu baitzuen mendean, 50 minutu pilotan aritu ostean. Saketik 18 kintze egin zituen Lanbertek, eta Herve Bonebeltxek, sei besterik ez. Jokoan 16 eta 13 kintze egin zituen pilotari bakoitzak, eta galdu, berriz, 2 eta 6.

Markagailuak hau erakutsi zuen: 8-0, 10-2, 19-4, 23-13, 29-18 eta 40-21. Ximun Lanbertek datorren astelehenean jokatuko du Donibane Garaziko Garatenean final-laurdenetako kanporaketa Herve Etxeberriren aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo