GARA > Idatzia > Kultura

LITERATURA

«Iragan hurbilari idatzi diot, bihotzeko zauria kostata itxi zaidalarik orain»

p054_f01_98x149.jpg

Ainara Maia

Idazlea eta literatur kritikaria

Ainara Maia Urroz Irunen jaio zen 1976an. Euskal Filologia ikasketak egin zituen eta Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa masterra egin zuen EHUn. Egun, irakasle gisa dabil Brnoko Masarykova Unibertsitatean (Txekian) eta GARAko literatura kritikari ere bai. Urte askotan Hatsaren Poesia bilduman hartu du parte eta Maitz argitaletxearekin kaleratu du bere lehen poema liburua.

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Chansons d'amour. Ilargi beterik gabeko gaua» (Maiatz) liburuan azken hiruzpalau urtetan idatzitako poemen hautaketa bildu du Maiak. Idaztea «bizitzen segitzeko nire modua izan da beti, aurrera egiteko era nire bakardadean eta maiteminean», dio.

Barru-barruko sentimenduak argitara eman dituzun sentsazioa uzten dute poemek, hustuketa baten moduan. Hala izan da?

Neurri handi batean, nire barne-barneko orrialdeak atera ditut liburu honetara, argitara, nire barruko sentimenduak, eta hustu egin naiz, zentzu guztietan. Oso beteta nengoen, bihotza maitemindurik nuen erabat, baina ezin nuen egon maite nuen horrekin. Olerkiok negarrarekin batera atera zaizkit gaueko bakardadean, odolaren bidetik.

«Amodio kantuak» deitu diozu liburuari, baina galdutako amodio bati eginikoak dira.

Bai, galdutako amodio bati idatzi nizkion hitzok, ezetz bati, baiezko bat bilakatzeko itxaropenarekin. Maitasunezko olerkiak dira, maiteminetik sortutakoak, bihotz urratu batetik, azken ahalegin bat izan ziren galdutako amodio horri deitzeko, asko maite nuen hura berreskuratzeko eta elkarrekin bide bera egiten hasteko. Baina ahalegina hutsean gelditu zela ikusirik, erabaki nuen hitz horiek libururatu behar nituela eta horregatik egin nuen olerki-liburu honetarako hautaketa bat.

«Bide zailena» hautatu zenuela diozu, «sentituz bizitzea».

Bai, maitasun eder bat zena min bilakatu zen, eta bihotz mindu batek idatzi du liburua. Zaila da benetako sentimenduen bidetik ibiltzea, horrek bakarrik gelditzea eskatzen baitu. Ez da erraza bizitzea den-dena sentituz eta maiteminduz. Maitemintzea ez baita polita...

Urtarotan banatu dituzu poemak, baina azkenengoan, udan, bi bakarrik sartu dituzu, zer dela-eta?

Eta poema gehien dauden urtaroa negua da. Olerki gehienak atzerrian idatzi ditut, maiteminez eta atzerriminez. Barruko sentimenduak kanporatu ditut, eta kanporatze horretan naturak eragin dit. Udazkenean eta neguan neure baitaratuago egon naiz urte hauetan, eta udan, aberrian. Neguko eta atzerri ezezaguneko hotzak gehiago bultzatu nau idaztera, neure barneko sentimenduak kanporatu behar izatera. Uda sasoian olerki gehiago idatzi ditut, baina bi bakarrik aukeratu nituen.

Iraganari egiten diozu kantu. Etorkizunera begiratzeko balio izan dizu?

Iragan hurbilari idatzi diot, bihotzeko zauria kostata itxi zaidalarik orain, baina minbera oraindik. Poema-liburua gaur argitaratu dut, lau urtarotan biltzen dena eta ziklo natural horrek nire bizitzako etapa bat itxi nahi izan du, beste bati bakarrik eta itxaropentsu irekitzeko asmoz. Horregatik ere argitaratu ditut ene barneko sentimenduak, etorkizunari gaur heltzeko asmoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo