GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Fanatismoak ez du hizkuntza bakarra

Patrick Dallennes ez zen Euskal Herrian izan Baionako suprefet izendatu zuten arte. Hala ere, ba bide zuen herri honen berri, bereziki euskararen berri, eta Amets Arzallusek esan zion bezala, «nik uste dut zuk ez dakizula oraindik badariola/ zuek eragin zaurietatik mintzo zahar honi odola», badirudi ondo irakurrita zeukala Bertrand Barere de Vieuzac Comite de Salut Public-eko kidearen txostena. Hizkuntzen gaineko txosten hori frantses Iraultzaren garaiko testurik garrantzitsuenetakoa da, nazio hizkuntza baten aldeko aldarrikapen sutsua. Hara zer zioen, besteak beste, politikari okzitaniar haren txostenak «nazio hizkuntza» (frantsesa) ez zirenen gainean: «Federalismoa eta sineskeria behe bretoieraz mintzo dira, Errepublikako emigrazioa eta gorrotoa alemanez mintzo dira (...) eta fanatismoa euskaraz mintzo da. Apurtu ditzagun tresna kaltegarri eta oker horiek».

Frantses Gobernu sozialistaren ordezkaria, kargua hartu orduko, bere ardurapeko lurraldean berriro «fanatismoa» hedatzen ari zela sumatuta, erremedio bila hasi zen, nonbait. Baita luze gabe aurkitu ere: 1850eko lege bat, Falloux delakoa. Duela 160 urtekoa; hala ere, ez du zertan zaharkitua izan. Irakaskuntza pribatua ez omen da diru publikoaz finantzatu behar. Ados. Baina are adosago Anjel Lertxundik asteon idatzi duenarekin: «Eskola publikoak bere betebehar publikoari uko egiten ziolako jaio zen Seaska ekimen pribatua». Hala ere, Dallennes jaunaren ustez, bankuen erreskateak debekatzeko zaharkitua den lege bat oso modernoa izan liteke ikastolen lana galarazteko.

Herriek ez omen dute eskubiderik; gizabanakoak baino ez dira eskubideen jabe, les citoyens. Eta hizkuntzak -bankuak ez bezala- ez dira des citoyens. Eta Errepublikak gizabanakoen eskubideak bermatzeko, «fanatismotik» libratu behar ditu maiz.

Errepublika eskuzabal horrek, gainera, bere herritarren eskubideak ez ezik, beste herrialde batzuetakoenak ere bermatzen ditu; esate baterako, maliarrenak. Eta, bide batez, Errepublikaren interes publikoa.

Askatasunaren, berdintasunaren eta haurridetasunaren izenean umiliatu nahi izan zituzten haien ondorengoek atzo Hendaiako karrikak mukuru bete zituzten. Fanatismoak afrontura atera zituen berriro ere. Ekaitzik ikaragarriena, ordea, ez da Barere de Vieuzac edo Patrick Dallennes bezain arriskutsua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo